Nahitaezko soldadutza itzuliko da Ipar Euskal Herrira

Macronek iragarri du soldadutza berrezarriko duela. Ez du xehetasunik eman; iragarri du aurrekontu bereizia izango duela. Erabakiak Frantziako defentsa «hobetzea» du helburu
Emmanuel Macron, atzo, armadako ordezkariekin.
Emmanuel Macron, atzo, armadako ordezkariekin. CLAUDE PARIS / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko urtarrilak 20
Nahitaezko zerbitzu militarra itzuliko da Ipar Euskal Herrira. Oraindik ez du datarik finkatu, baina Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri du soldadutza berrezarriko duela. Iazko presidentetzarako hauteskundeetan egin zuen proposamena, eta atzo berretsi zuen asmoa —gehiengo osoa du parlamentuan—, Frantziako militarren aurrean egindako hitzaldi batean. Aurrekontu bereizia izango du zerbitzuak, eta hainbat ministerio arduratuko dira martxan jartzeaz eta hura kudeatzeaz; horrez gain, ez du eman xehetasun gehiagorik.

Frantziako presidenteak iaz esandakoa kontuan hartuta, «zerbitzu nazional unibertsala» hilabetekoa izango da, eta 18 urte bete ondoren egin beharko dute gazteek —eta 21 urte bete baino lehen—. 1997an kendu zuen soldadutza Jacques Chiracek, armada «profesionala» bilakatzeko helburuarekin; orain, soldadutza egingo dutenak «erreserba» baten parte izango dira, eta «krisi garaian» baliatuko lituzkete soilik. Suediak ere berriz ezarriko du aurten nahitaezko soldadutza —2010ean kendu zuen—.

Hilabete bukaeran, Frantziako Parlamentuko zenbait diputatuk txosten bat aurkeztuko dute gai horretaz, eta Macroni proposatuko diote soldadutza ezarri beharrean «bide herritarra» deituriko sistema bat abian jartzea. Proposamenetako bat litzateke 10 eta 16 urte artekoekin «sentsibilizazio aste bat» egitea urtean behin, Franceinfo-ren arabera.

Agintera iritsi zenetik, Frantziako defentsa «hobetzea» izan da Macronen helburuetako bat. 2025erako, BPG barne produktu gordinaren %2 erabili nahi du herrialdearen defentsarako. Aurten aurrekontua %1,8 igo du — 34.200 milioi eurokoa da—, eta datozen urteetan joera berari eutsiko dio.