Minda plantaren porrotaren errua kudeatzaileena dela ebatzi dute

Bizkaiko Auzitegiak bi urteko inhabilitazioa ipini die Karrantzako Mindaren sei arduradunei

Karrantzako Minda enpresako kudeatzaileetako batzuk, 2016an Bilbon egindako epaiketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Bizkaiko Auzitegi Probintzialak errudun jo du Karrantzako Minda sozietatearen konkurtsoa. Hau da, enpresaren administrazio kontseilua osatzen zuten sei lagunak haren porrot ekonomikoaren erantzuletzat jo ditu. Hauek dira zigortuak: Angel Maria Ruiz Quintano, hasierako kudeatzaile bakarra; Martin Askazibar, gerora administrazio kontseiluko presidente izandakoa —ordura arte Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko Berrikuntza zuzendaria izan zen, eta karguan zegoela diru laguntzak eman zizkion enpresari—; Jose Luis Portillo, Karrantzako orduko alkatea; Jose Ignacio Muro, zinegotzia; Manuel Fisure eta Vicente Albisua, abeltzainen elkartekoak. Besteen ondasunak kudeatzeko bi urteko inhabilitazioa ipini diete. Enpresari 485.725 euro itzultzera ere zigortu ditu. Minda plantaren kudeatzaile izan zen Ade Biotec enpresari 1.172.279 euroko zigorra ipini zion Merkataritza Arloko Auzitegiak. Zigor horri eutsi dio Auzitegi Probintzialak; ordaintzen ez badu, sei zigortuen gain geratuko da. Hogei egun dituzte Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko.

Hala, Auzitegi Probintzialak baliogabe utzi du iazko martxoan Merkataritza Arloko Bilboko 2. Auzitegiak emandako epaiaren parte bat: hartzekodunen konkurtsoa «aurreikusi gabea» izan zela ebatzi zuen orduan epaileak. Baina Espainiako Estatuaren abokatuak eta hartzekodunen konkurtsoaren kudeatzaileak helegitea ipini zuten. Espainiako Gobernuak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak ere finantzatu zuten; azken biek uko egin zioten helegitea jartzeari.

Auzitegi Probintzialak «erru larriarekin» jokatu zutela uste du. Era berean, enpresaren kaudimengabezia hirutan «areagotu» izana egotzi die: lursail batzuk erostean, enpresa eraikitzaileari dirua aurreratu ziotenean eta hartzekodunen konkurtsora «beranduegi» deitu zutenean.

Karrantzako (Bizkaia) abeltegietatik ateratzen den gehiegizko mindari irtenbide bat emateko proposatu zuten abeltzainek planta egitea, 2000. urtean. Horretarako, Karrantzako Minda izeneko enpresa sortu zen, eta horrek Ade Biotec SM enpresa kontratatu zuen obrak egiteko eta, gerora, planta kudeatzeko. Kostata, 2009an hasi ziren eraikitzen. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 13,5 milioi euroren diru laguntzak eman zizkioten proiektuari; horietatik hamar pasatxo, obrak hasi aurretik. Diru hori guztia inbertitu ostean, baina, lau horma baino ez ziren eraiki. Eta egin gabeko lanen fakturak ere pasatu zituen enpresak. Hala, erakunde publikoek diru laguntzak emateari utzi zioten. 2010ean, bertan behera geratu ziren lanak, ez zutelako aurrera jarraitzeko dirurik. 2011n, hartzekodunen konkurtsora deitu zuen Karrantzako Minda sozietateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.