M-3aren Oroimenezkoaren proiektua geratuta dagoela esan du Memoria Gara-k

San Frantzisko eliza «memoriaren gune bizi» bilakatzea proposatu dute. Proiektuak nolakoa beharko lukeen aztertu dute jardunaldi batean

Nerea Martinez eta Josu Santamarina, atzo, Gasteizen. BERRIA.
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Memoria Gara elkarteak joan den asteburuan egindako 11n 11etan jardunaldietako ondorioen berri eman du. Jardunaldien helburua zen eztabaida irekitzea, 1976ko martxoaren 3an «Poliziak egindako langile sarraskiaren lekuko izan zen elizan» memoriarako gune bat zabaltzeko proiektuaren inguruan.

Elkarteko kide Josu Santamarinak eta Nerea Martinezek esan dutenez, azken bolada honetan egitasmoan ez da «aurrerapausorik» egon: «Joan den otsailean, aukera leiho bat ireki zen, eta asmo protokolo bat sinatu zen, eliza martxoaren 3aren inguruko memorial bihurtzeko. Antza denez, Martxoaren 3 elkartearekin hitzarmena sinatzeko borondatea dago, baina, oraingoz, dena dira promesak».

Jardunaldietan arkitektura, arkeologia, historia eta beste zenbait arlotako adituek parte hartu zuten. Han azaldu zutenez, San Frantzisko elizan «lau balio handi» hartu behar dira aintzat: arkitekturakoa, historiko-arkeologikoa, memoriaren arlokoa eta pedagogikoa: «Jatorrizko eraikina eta esanahia, eta horrelako proiektu baten egokitasuna uztartu egin behar dira», esan dute.

Proposamen zehatzak ere egin dituzte elizaren jatorrizko balioa eta memoriarako esparru gisa izango lukeen garrantzia lantzeko: barneko perimetroa erakusketa guneak egiteko baliatzea, proiekzioetarako eta jardueretarako bi eremu sortzea eta abar. «Ezin da parke tematiko bilakatu», zehaztu dute; haien ustez, «testuinguru historikoa azalduko duen gune bizia» izan behar du.

Gainera, eraikinaren ezaugarriei eustea eta leihoak, polizien balek hormetan utzitako aztarnak eta esanguratsuak diren beste osagai batzuk bere horretan uztea proposatu dute.

Elizbarrutiaren jarrera

Memoria Gara elkarteko kideek salatu dute Gasteizko Elizbarrutiko ordezkariek elizan sartzea galarazi zietela: «Ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren, aitzakiak jarri zizkiguten, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen horrelako bisita bat egiteko sarrera galaraztea», esan du Nerea Martinezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.