Eroskik 13,5 milioi pagatu ditu mendeko ekarpenen interesetan

2002an produktu hori erosi zutenek inbertsioaren %76 berreskuratu dute jadanik interesetan

xabier martin
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Eroskiko mendeko obligazioen jabeek gaur jasoko dituzte produktuak sortu dizkien interesak, eta mendeko finantza ekarpenen jabeek atzo jaso zituzten. Guztira 13,5 milioi euro pagatu behar izan dizkie Elorrioko kooperatibak 2017. urteko interesak kitatzeko. %2,8an gelditu dira finkaturik interes tasak 2002an eta 2004an jaulkitako produktu finantzarioentzat, eta %2,3an 2007an jaulki zirenentzat.

Eroskik mende hasieran jaulki zituen inbertsio titulu sonatuak erosi zituztenek beren inbertsioaren %76 jaso dute jadanik, baldin eta 2002an erosi bazituzten. Produktu horiek obligazioen truke aldatu bazituzten, berriz, inbertsioaren %85 berreskuratu dute, euskal banaketa enpresa handienak jakinarazi duenez. Eroskik behar finantzarioak lortzekomendeko ekarpenen lehen jaulkipena egin zuenetik, 2002an, kooperatibak urtero ordaindu dizkie interesak inbertsiogileei; dagoeneko 360,5 milioi euro pagatu ditu.

Ekarpenen interesak ez dira finkatzen kooperatibaren emaitza ekonomikoen arabera; erreferentzia gisa Euriborra gehi hiru puntu hartzen dute 2002ko eta 2004ko jaulkipenen produktuek, baita obligazioek ere. %2,5eko diferentziala dute, berriz, 2007ko ekarpenek.

Ekarpenen kita

Ekarpenak erosi zituzten bankuen bezero askok ez zuten jakin produktu horrek atzera saldua izateko zuen zailtasuna, eta Eroskik truke bat onartu zuen kita bat tarteko. 2016an, truke hori onartu zutenek —20.000 lagun inguruk— obligazioak jaso zituzten. Zor horrek ekarpen originalen %55en balioa dauka. Hamar urte barru kitatuko du zorra Eroskik, eta, bitartean, Euriborra gehi %3 ordainduko die urtero bonu hori dutenei. Baina kooperatibaren eskaintza onartu zutenek hasieran jarritako diruaren %30i uko egin behar izan zioten; beste %15 eskudirutan jaso zuten. Truke eskaintza aukerakoa zen, eta ezezkoa eman zioten 10.000 lagun inguruk —inbertitzaileen %38k—. Horrek esan nahi du 275 milioi euroren zorra duela kooperatibak lagun horiekin.

Horiek horrela, 2018. urterako interes tasa %2,8 izango da, 2002ko eta 2004ko jaulkipenetako ekarpenentzat eta obligazioentzat; %2,3 izango da, berriz, 2007ko ekarpenentzat. Diferentzial horiek urtebete barru ordainduko ditu Eroskik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.