Bidesariari eutsiko dio Gipuzkoak, aurkako epaia jaso arren

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu, uste baitu Gipuzkoako garraiolariei mesede egiten diela

Kamioi bat, bidesaria kobratuko dion arkuaren azpitik igarotzera doala, N-1 autobidean, Andoainen. JON URBE / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Indarrean jarri eta hiru hilabetera kolokan dago N-1 eta A-15 autobideetan Gipuzkoako Aldundiak jarritako bidesarien sistema. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du, Idiazabal eta Andoain artean bidesaririk ez izateak Gipuzkoatik kanpoko kamioilariak diskriminatzen dituela uste baitu. Garraiolariek ordaindutako dirua itzularazteko bideak bilatuko dituela azaldu dute Fenadismer eta CETM Espainiako kamioilarien patronalek. Gipuzkoako Aldundiak, ordea, ziurtatu du epaiak ez duela oraingoz ezer aldatuko, eta kamioiei kobratzen jarraituko duela Espainiako Auzitegi Gorenak bere helegiteaz erabaki arte.

Atzo jakinarazitako epaiak arrazoi eman dio CNTC Garraioaren Batzorde Nazionalak 2017ko urtarrilean jarritako helegiteari. Bidesariak indarrean jarri baino urtebete lehenago jo zuen Espainiako garraio enpresen erakunde horrek Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako foru arauaren aurka. Argudio nagusia zen bidesariek Gipuzkoatik kanpoko garraiolariei kalte egiten ziela, haiek gehien erabiltzen dituztenN-1eko eta A-15eko zatietan daudelako bidesariak, eta ez, ordea, gipuzkoarrek erabilitakoetan.

Bidesariak kobratzen dituzten arku automatikoak Gipuzkoaren hegoaldeko eta iparraldeko muturretan daude (Etzegaraten eta Irunen, hurrenez hurren), eta, ondorioz, lurraldea zeharkatzen duten ibilgailu astunek haietatik pasatu behar dute. «Ibilbide osoa egiten dutenak hiru ordainlekuetatik igarotzen dira, eta kanon osoa ordaintzen dute; baina Gipuzkoatik atera den garraioa eta lurralde horretara doanak gehienez ordainsari bakar bat ordainduko du, eta soilik Andoaindik igarotzen bada», argudiatu zuen garraiolarien patronalak. Helegiteak nabarmendu zuenez, ez dago ordaintzeko arkurik Idiazabaldik Andoainera dauden ia 53 kilometroetan, eta horiek dira, hain zuzen ere, Gipuzkoako garraiolariek gehien erabilitakoak.

Dirua itzuli

Epaiarekin oso pozik agertu dira CNTC kontrolatzen duten bi patronalak. CETM (ordezkaritzaren %63,2) eta Fenasdimer (%20,7) erakundeek eskatu diete aldundiari eta batzar nagusiei, epaia «oso ongi arrazoituta» dagoelako. Ebazpena «sakon» aztertu nahi dute orain, jakiteko zer aukera dauden orain aldundiak garraiolariei dirua itzultzeko.

Epaiarekin «guztiz desados» dagoela dio, berriz, Gipuzkoako Diputazioak. Dirua itzultzea eskatzeko aukerarik ez dagoela uste du. «Bidesariek bere horretan jarraituko dute martxan, eta, ondorioz, kanonaren kobrantzan ez da inongo aldaketarik izango erabaki judizial horren ondorioz», ziurtatu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, agiri baten bidez. Izan ere, aldundiak iragarri du Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa prestatzen ari direla jada bere zerbitzu juridikoak. Ulertzen duenez, helegitea erabaki bitartean, indarrean jarraituko du bidesariak.

Interpretazio horrekin ez dago ados Hiru. «Ezin du kobratzen jarraitu; justiziari kasurik ez egitea litzateke hori», esan du garraiolari autonomoen sindikatuak, eta «legez kanpo jasotakoa lehenbailehen itzultzeko» eskatu dio aldundiari. Hiruk ziurtatu du «txapuza» bat dela ordainsaria, furgoneta eta autokarabana batzuei ordainarazten dielako.

Guitrans Gipuzkoako garraiolarien patronala ere gustura azaldu da, «bidesariak garraioaren krisia sakontzen duelako». Hori bai, ukatu egin du epaiaren argudioa: «Ez da egia Gipuzkoako garraiolariei mesede egiten diela. Haiek dira kaltetuenak, […] etengabe erabili behar dutelako».

Europaren babesa

Oiarbidek gogorarazi zuen bidesarien AT sistema indarrean jarri aurretik «txosten zabal eta zorrotz bat» egin zuela haren legezkotasuna ziurtatzeko, eta Europako Batzordearen oniritzia jaso zuela. Halaber nabarmendu zuen Batzar Nagusietan sistemak ez zuela «oposiziorik» izan. Berez, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin onartu zen araua; EH Bildu eta Ahal Dugu abstenitu egin ziren. Aldundiaren helegitea ez ezik, baliteke Batzar Nagusietakoa ere izatea, hori eskatu baituEAJk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.