Lorentxa Beirieri ere baldintzapean aske geratzea ukatu dio Parisek

Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak ezezkoa eman du berriz. Familiak ez du prozedurarekin segituko
Lorentxa Beirieren sostenguz, atzo arratsaldean Kanbon egindako elkarretaratzea.
Lorentxa Beirieren sostenguz, atzo arratsaldean Kanbon egindako elkarretaratzea. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2019ko urriak 16

Lorentxa Beirie euskal presoak hemezortzi urte daramatza kartzelan. Roanneko (Frantzia) espetxean dago gaur egun, Kanbo bere herritik (Lapurdi) 683 kilometrora. Hirugarren aldiz egin du baldintzapean aske geratzeko eskaera; 2013an eta 2016an aurkeztu zituen aurrekoak, eta Frantziako Justiziak biak baztertu zituen. Hirugarren aldian ere ezezkoa jaso du Zigorrak Ezartzeko Frantziako Dei Auzitegian.

Uztailean egin zuen azken eskaera Beiriek, eta Parisko Auzitegiak baiezkoa eman zuen baldintzapean aske uzteko. Egun berean, ordea, fiskalak helegitea aurkeztu zuen. Irailaren 12an izan zen dei auzia Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegian. Epaiketako baldintza txarrak salatu zituzten bere senideek. Hain zuzen, Beiriek bideokonferentziaz egin behar izan zuen auzia eta arazo teknikoek saioa eragotzi zuten.

Senideek jakinarazi dute, oraingoz, aske utz dezatela galdegiteko prozedura bere horretan geldituko dela. BERRIArekin hitz egin du Amaia Beirie ahizpak, haserre: «Argi eta garbi dago ez dutela ateratzea nahi. Auzi hau justiziaren koadrotik kanpo dago, erabaki politiko bat da, eta abokatuak ere hala dela erran digu».

Azken epaiketan bezala, fiskaltzak argudiatu du leporatzen zitzaizkion delituak berriz egiteko arriskua zuela, nahiz eta 2011. urteaz geroztik ETAk behin betiko eten duen jardun armatua. «Ematen duten arrazoia trufaren heinekoa da», esan du senideak.

Egoera salatzeko eta presoari sostengua erakusteko elkarretaratzea egin zuten atzo, Kanbon. Joan den asteburuan ere, Ipar Euskal Herriko zenbait herritako biribilguneak okupatu zituzten dozenaka lagunek gau oso batez. Lorentxa Beirie, Frederic Haranburu, Xistor, eta Ibon Fernandez Iradiren askatasuna galdegin zuten.

Frederic Haranburu, Xistor, presoaren kasuan gertatutakoa errepikatu egin da Beirierentzat. Hura ere baldintzapean aske uzteko agindu zuen Parisko Auzitegiak joan den irailean, baina, prokuradoreak berehalako helegitea jarri zuen. Urriaren 8an eman zuen Parisek erabakia: espetxean segituko du Haranburuk. 30 urte egin ditu kartzelan, eta, egun, Lannemezanen (Okzitania) dago. Maritxu Paulus Basurko abokatuak prozedura berriak irekitzeko asmoa erakutsi du.

Gaur-gaurkoz Kasazio Auzitegira jotzeko aukerak aztertzen ari direla azaldu du Xistorren abokatuak. Beste aukera prozedura berriz hastea litzateke. «Gaur egun ez da horretan, ez du indarrik». Prozedurak «luzeak eta pisuak» direla ohartarazi du: «Eskaera egin ahal izateko, batzorde baten oniritzia behar du; horretarako, presoa zentro berezi batean edukitzen dute [Frantzian hiru zentro baizik ez daude]. Sei astez joaten dira, eta han hainbat aditurekin elkartzen dira, hainbat txosten egiteko haien egoeraren inguruan. Prozedura luzeak eta pisuak dira, presoaren engaiamendu handia eskatzen dutenak». Beste aukera zigorren kommutazioarena litzateke: bizi osorako zigorra 30 urtera ekartzea, zigor hori izanen zuketelako Espainian zigortuak izan balira. Frantziako presidenteak hartu beharko lukeen erabaki bat da. Prozedura abiatua dute, baina, gaur-gaurkoz, oraindik ez dute baiezkorik izan.

Anaiz Funosas Bake Bideko presidentearen iritziz, fiskaltza nagusia eta berriki sortu duten fiskaltza antiterrorista «harresia» dira presoen auzia konpontzeko bidean. Hala nabarmendu zuen Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Justizia Ministerioak bi urtean izan dituzten elkarrizketen balorazioa egiteko agerraldian. «Ez dute nahi kontsideratu Euskal Herrian egindako bide guzia, eta ez dute onartu nahi bide horretan ekarpena egitea». Zigorrak Ezartzeko Dei Auzitegia ere jomugan jarri zuen, orain arte ez baitu baldintzapean aske uzteko eskaera bakar bat ere onartu.

Erabaki gehiagoren zain

Hilaren 23an Zigor Garro euskal presoaren baldintzapean aske uzteko eskaera aztertuko du Frantziak. Hilaren 30ean, Ibon Fernandez Iradi eriaren zigor eteteari buruzkoa. Parisen gaur zituzten aztertzekoak Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako bi euroaginduak, baina atzeratu dituzte auzi saioak. Ez dute, oraingoz, data baten berri eman. Madrilek presoa Espainiaratzeko eskatu du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Probak egiteko Ordizian jarritako postuak. ©Jon Urbe / FOKU

«Osasun publikoaren kontrako delitu bat» izango da gaixorik bozkatzea

Iosu Alberdi

Ordiziako agerraldiarekin lotutako lau kasu berri atzeman dituzte. Denera, 31 dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baieztatutako positibo berriak, eta herritar bat hil da koronabirusaren eraginez. 160 herritar inguru dira bihar bozkatzea debekatuta izango dutenak.

Bi lagun, terraza batean eserita, Orion. ©JON URBE / FOKU

Nork agindu tabernetan

Aloña Beraza Peña Irati Urdalleta Lete

Ordiziako taberna batetik zabaldutako fokuak piztu ditu alarmak aste honetan. Su gehiago ere ari dira pizten, Tuteran, Gasteizen... Tabernariak eta kudeaketan dabiltzanak kezkatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna