Bulegoetako langileek «itun duin bat» eskatu dute euripean

ELA, LAB, ESK, CNT eta CGT sindikatuek deituta, Bizkaiko bulegoetako langileek greba egin dute hitzarmenaren alde

Bertan adostutako hitzarmen berri bat eskatu zuten bulegoetako langileek. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Bizkaiko bulegoetako langileek greba eguna izan zuten atzo. 23.000 inguru behargin biltzen ditu sektoreak; 2012tik dago hitzarmen kolektiborik gabe, eta urtebete darama negoziazio mahaian, Cebek patronalarekin ezer adostu ezinik. «Blokeo egoera ikusita», gehiengo sindikalak—ELA, LAB, ESK, CNT eta CGTk, hain zuzen ere—mobilizatzera deitu zuen. Lanuzte egunak «jarraipen handia» izan zuen sindikatuen esanetan: %70 ingurukoa. Hala ere, salatu zuten Iberdrolak gutxieneko zerbitzuak ezarri zizkietela, eta Indrak zigorrekin mehatxatu zituela.

Greba eguneko mobilizazioek jende ugari bildu zuten. Eguraldi txarrari aurre eginez, eta sektoreko hitzarmen berri bat eskatzen zuen pankartaren atzean, 4.000 langile inguru manifestatu ziren Arriagatik Cebeken bulegora bitarte. Patronalari hitzarmen kolektiboa berreskuratzeko eskatzea zen helburua. Hitzarmenean, sindikatuek ezinbestekotzat jotzen dute antzinatasuna eta gutxieneko bermea mantentzea. Patronala horiek kentzearen alde dago. «Inork nahi ez duen erabaki bat hartzera behartu nahi gaitu patronalak, baina ez dugu onartuko atzerapausorik», adierazi zuen Alberto Alonso LABeko ordezkariak.

2012tik hitzarmenik gabe

Gehiengo sindikalak «marra gorritzat» ditu antzinatasuna eta gutxieneko bermea. Halaber, Deiane Arrieta ELAko ordezkariak adierazi zuen muga horiek «gutxienekoak» direla. Sindikatuko eledunak azaldu zuenez, antzinatasuna eta gutxieneko bermea dira soldaten igoera bermatzen duten tresnak: «Ez gara ilargia eskatzen ari: duintasuna da eskatzen dugun gauza bakarra». Egoera askatzeko asmotan, negoziazio mahaia osatu zuten orain urtebete, baina, bi «zutoin» horiek adostu ezinik, negoziazioak ez du aurrera egin.

2010ekoa da Bizkaiko bulegoetako langileen azken hitzarmen kolektiboa, eta, bi urteko luzapenaren ostean, 2012an iraungi zen. Ordutik hona, lan erreformak horrela eskatuta, Espainiako lan hitzarmena ezarri dute enpresek kontratazio berrietan. Arrietak gogoratu zuen sektoreak atzerapausoak izan dituela soldatetan eta lan baldintzetan, lan erreformen estatalizazioaren ondorioz. «Hitzarmen kolektibo baten faltan, bulegoko langileen sektorea asko ari da prekarizatzen azken urteotan». Cebeken bulegoaren atari aurrean, sindikatuek salatu zuten patronala «xantaia egiten» ari dela Espainiako lan hitzarmenarekin: «Patronalak gure eskubideak zapuztu ditu, lan erreforma aprobetxatuz ».

Arrietak gaineratu zuen greba egiteko «beste arrazoi bat» eman diela asteartean Cebekek urte honetarako emandako aurreikuspen ekonomikoak plazaratzeak: «Espero dute hurrengo urteetan irabaziak hasiko direla, baina gure lan baldintzek okerrera egingo dutela; hori onartezina da».

CCOO eta UGT, kanpoan

CCOO eta UGT sindikatuek ez dute bat egin mobilizazioekin, eta greba egitea baztertu dute.CCOOk bidalitako ohar batean, gainontzeko sindikatuei eskatu zien hurrengo bilerara «adostutako akordio bat» eramateko. Adierazi zuten hori dela «blokeo egoera askatzeko» bidea, eta ez greba egunetara deitzea. «ELAk eta LABek ez dute proposamenik aurkeztu ekainetik hona; beraz, haiek sortu dute blokeoa», adierazi dute oharrean.

Sindikatu abertzaleen ordezkariek adierazi dute CCOOrekin eta UGTrekin akordioak lortzen saiatu direla, baina haiek ez dutela «proposamen seriorik» egin orain arte. Baina gonbita egin diete Bilboko kaleetatik: «Gure plataforma irekia da: haien esku dago gurera batzea».

Mahai sektorialaren hurrengo bilera otsailaren 14an izango da. Sindikatuek ohartarazi zutenez, Cebeken «blokeoak» bere horretan jarraituz gero, mobilizazioei eutsiko diete. «Uste badute mobilizazioak gaur [atzo] eta hemen bukatuko direla, zeharo oker daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.