Ezkabako ihesaldiaren bidea zabaldu dute, «memorian sakontzeko»

Ezkabako gotorlekutik Urepelerako bidea prestatu dute Nafarroako Gobernuak eta boluntarioek

Jon Ander De la Hoz -

2018ko otsailak 10
Ezkaba mendiko (Nafarroa) San Kristobal gotorlekutik Urepelera (Nafarroa Beherea) doan bidea zabaldu du Nafarroako Gobernuak. Atzo aurkeztu zuten Ana Ollo Herritarrekiko Harremanen kontseilariak eta Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak. 1936ko gerraren testuinguruan, 1938an gotorlekutik ihes egindako presoen memoria gordetzeko asmoz egokitu dute ibilbidea, Ollok azaldu duenez: «San Kristobal gotorlekua memoria aktiboa eraikitzeko eta giza eskubideen urraketak salatzeko tresna bihur daiteke».

Ezkaba deituriko proiektuaren barruan sortu dute ibilbidea. Ollok azaldu du memoria lantzeko proiektu horrek «memoriako politika publikoen lerro nagusiak» biltzen dituela, eta desmemoriatik ihes egiten duela, «gizarte amnesiko bat sekula ez delako justua».

Hala, GR-225 izena jarri diote ibilbideari. Izan ere, maiatzaren 22an beteko dira 80 urte 800 preso inguruk gotorlekuko kartzela frankistatik ihes egin zutenetik. Olloren esanetan, «Europan inoiz gertatu den ihesaldirik handienetako bat da». Halaber, gaineratu du ez dela ahaztu behar «ihesaldiaren ostean 206 lagun exekutatu zituztela mendiaren inguruetan».

Gutxienez, hiru iheslarik lortu zuten Ezkabatik Urepelera iristea. Jobino Fernandez izan zen haietako bat, eta hark egindako bidean oinarritu dira ibilbidea osatzeko. Lau zatitan banatu dute; Ezkabatik Olaberainokoa da lehena, eta Olabetik Saigotsera doa bigarrena. Hirugarrena Saigostik Sorogainerakoa da, eta handik Urepelera doan bidearekin amaitzen da ibilbidea. Baraibarrek adierazi duenez, «bidean zenbait hobi aurki daitezke». Olabeko hobiak jarri ditu horren adibide; hamasei gorpu aurkitu dituzte han.

Boluntarioak, ezinbesteko

Boluntarioen lana ezinbestekoa izan da ibilbidea taxutzeko orduan, Barañainen arabera: «Haiek gabe ezinezkoa zatekeen ibilbidea prestatzea. Boluntarioena da ibilbidea egiteko ideia, eta lan handia egin dute bidea markatzen». Ibilbideaz gain, ihesaldiari buruzko erakusketa bat iragarri dute udaberrirako. Ihesari dagozkion hiru arlo jorratuko dituzte; kartzelaren historia eta hango bizi baldintzak, presoen inguruan sortutako elkartasun sarea eta ihesaldia bera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna