Fagor markaren erabileraz erabakiko du epaileak egun gutxian

Fagor S. Coop. eta CNAren arteko kontratua baliogabetzeko epaiketa egin dute Donostian

xabier martin
Donostia
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Fagor marka erabili ahal izateko duen kontratua gal dezake aurki CNA taldeak. Fagor S. Coop. taldeak baliogabetzeko eskatu zion Edesa Industrialen konkurtsoa daraman epaileari, aurreko urteko hondarrean, eta aldeen argumentuak entzun zituen epaile horrek, atzo, ordubetez. Epaia besterik ez da falta, eta egun gutxi barru helduko da. Erabilera baldintzak bete ez direnez, Fagor S. Coop. sinetsita dago kontratua baliogabetzea baino ez dela geratzen. CNA taldeak azken bi urteetan hainbat kooperatibak erabiltzen duten markari egindako kaltea eteteko modua litzateke kontratua hautsita geratzea.

Fagor Etxetresnak kooperatibaren lekukoa hartu zuen enpresak kontratuaren baldintzak urratu dituela oso garbi dauka Fagor taldeak. «Markaren erabileraren eta kokagunearen gainekoak ez dira bete, eta enplegua sortzeko eta mantentzeko konpromisoari lotutako akordio ekonomikoak ere ez», adierazi zuenauzitara jotzea deliberatu zuenean.

Fagor Etxetresnak berpizteko CNAren saio ustelaren ostean, ikusteko dago etxetresnen esparruan Fagor markak zeresana izango ote duen ala ez. Edonola ere, Fagor taldeak ez du oraindik erabaki marka beste eragileren bati utziko ote dion ala ez, inor azaltzen bada beste saio bat egiteko prest, baina garbi dauka CNA taldearekin egindako akordioa kaltegarria izan dela, Edesa Industrialen kudeaketa okerrak ez diolako soilik Edesari kalte egin; Fagor taldeko hainbat enpresatan ere eragina izan du, marka hori darabiltenetan gehienbat.

Horiek horrela, epaileak informazio objektiboa izan du kontratuari buruz erabakitzeko. 2014an CNArekin egindako kontratuaren arabera, Edesa Industrialek konpromisoa hartu zuen urteko langile kopurua 350 baino txikiagoa ez izateko, eta hortik beherako edozein kopuru kontratua bertan behera uzteko arrazoia zen.

«Lanpostuak babesteko, Fagor S. Coopek tasa ekonomikoak ezarri zizkion Edesa Industriali; 700 lanpostu baino gehiago sortzea aurreikusten zuen planak», gogoratu zuen taldeak. Kopuru horiek betez gero, Edesa Industrialek marka erabil zezakeen ezer ordaindu gabe. Fagor Etxetresnak kooperatibak utzitako langabe kopuruaren testuinguruan egindako ituna izan zen, eta abantaila handikoa Edesa Industrialentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.