Bosgarren edukiontzia Bilboko auzo guztietara

Hondakin organikoak biltzeko sistema hiri osoan zabaltzeko kanpaina hasiko du udalak. Urtean 3.600 tona organiko birziklatzea dute xede
Deustu auzoan 2011. urtetik daude edukiontzi marroiak.
Deustu auzoan 2011. urtetik daude edukiontzi marroiak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2018ko apirilak 26
Udazkenetik aurrera, Bilboko auzo guztietan egongo da hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroia. Datorren astelehenean hasiko dute edukiontzien erabilera hedatzeko kanpaina. Bi fasetan egingo dute; lehendabizi, orain artean bosgarren edukiontzirik izan ez duten auzoetan jarriko dituzte: Ibaiondo, Abando, Basurtu-Zorrotza eta Errekalde barrutietan. Auzo horietan edukiontzi marroiak ezarri ostean, berriak jarriko dituzte aurrez sistema ezarria zegoen auzoetan. Hala azaldu zuen atzoko aurkezpenean Ricardo Barkalak, Bilboko Udaleko Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotziak.

Sistema hedatzearekin batera, edukiontzi marroiek hainbat berrikuntza izango dituzte: «Orain artean giltzarekin zabaltzen ziren, baina hemendik aurrera txipa duten txartelen bidez irekiko dira». Etxe bakoitzak bere txartela izango du, eta ontzi berriek edukiera handiagoa izango dute: 1.100 litrokoak ziren orain arte, eta 1.800 litrokoak izango dira berriak.

Bilboko Udalak 1.500 edukiontzi berri jarriko ditu guztira datorren astelehenetik aurrera. Egun, 9.200 etxetan erabiltzen dute bosgarren edukiontzia, eta kopuru hori 23.000ra igo nahi dute datorren azaroan. Horrek birziklatze tasa hobetzen jarraitzea ahalbidetuko du, Barkalaren esanetan: «Bide onetik goaz. Iazko urtarriletik martxora 149.000 kilo hondakin organiko jaso ziren. Aurten, epe berean, 40.000 kilo gehiago». Edukiontzien sistema hedatuta, urtean 3.600 tonako langa gainditzea espero dute. Orain artean, urteko 587 tona bildu dituzte. Udalak hondakin organikoen zakarrontzietan erabiltzeko poltsa biodegradagarriak jarriko ditu herritarren eskura. Barkalak azaldu duenez, makina automatiko batzuetan egongo dira eskuragarri, eta edukiontziak irekitzeko txartelarekin eskuratu ahalko dira poltsak.

Edukiontziak jartzen hastearekin batera, udalak informazio kanpaina abiatuko du astelehenean. Besteak beste, informazio puntuak jarriko dituzte barrutietan, eta gutunak bidaliko dituzte etxeetara, hedatutako sistemaren xehetasunak azaltzeko. Halaber, informazioa emango dute autobusetan eta kaleko publizitate euskarrietan.

EH Bildu, erabakiarekin bat

EH Bildu ados dago edukiontzi marroia barruti guztietan jartzeko erabakiarekin. Sistema erabiltzen dutenei hobariak ematea eskatu du Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak: «Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek babestu dute proposamena; birziklatzea sustatzeko tresna izango da». Halaber, dei egin dio udalari hobari horiek datorren urterako abian egon daitezen. Alabaina, Ibaibarriagak kontzientziazioaren beharra azpimarratu du: «Datuak ez dira onak. Pertsona bakoitzeko biltzen den organiko kopurua ez da iristen hondakin guztien %4ra, etxeko zaborren %40 organikoa den arren».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna