Cebekek dio alboratzeko soldata igoeraren eztabaida

Patronalak egindako inkesta baten arabera, enpresen %66k soldatak igo dituzte. Bizkaia %2,7 haziko da aurten
Cebekeko zuzendaritzako kideak, atzo, aurkezpena baino lehen.
Cebekeko zuzendaritzako kideak, atzo, aurkezpena baino lehen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko maiatzak 16
Cebek baikorra da 2018ak emango duenarekin. Bosgarren urtez jarraian Bizkaiko ekonomia hazi egingo dela kalkulatu du lurralde horretako patronalak. %2,7 egingo du gora BPGak, eta patronalak espero du hazkunde horrek 8.000 lanpostu berri sortuko dituela. 2019. urterako, bestalde, hazkundea %2,3 izango da, eta 7.000 enplegu sortuko lirateke. Ekonomia suspertzen ari den seinaletzat eman zituen, atzo, datu horiek Iñaki Garcinuño patronaleko presidenteak, baina agerraldi berean eskatu zuen amai daitezela soldatak igotzea eskatzen duten adierazpen «demagogikoak».

Adierazpen horien oinarri gisa inkesta bat eman zuen. Cebekek Bizkaiko 421 enpresariri egin die galdeketa, eta, horren arabera, galdekatutako enpresen %66k soldatak handitu dizkiete aurten beren langileei. 2017an, berriz, %46 izan ziren. «Datu horrek agerian uzten du enpresek soldatak eguneratzen dituztela, egoera egonkorra denean». Bostetik lauk, gainera, 2017ko KPIaren hazkundea baino gehiago handitu zituzten beren langileen hilabeteko sariak, %1etik gora alegia. «Negoziazio kolektiborik ez egotea ez da arazo bat akordioetara iristeko; datu horrek agerian uzten du horrela dela».

Inkesta horretan oinarrituta esan zuen Garcinuñok eztabaida alboratzeko, «gizarteari mezu txarra helarazten» zaiolako bestela. Soldatak igotzeko eskatzen duten eragileei, beraz, «errealitatetik kanpo dauden» eskaerak egiten aritzea leporatu zien, «datu objektiboek» kontrara dela erakusten dutelako. Horregatik, gobernuari zein sindikatuei eskaera egin zien ikuspegi horretatik egiteko soldaten inguruko hausnarketak.

«Akordio ona»

Inkestak islatu duen soldaten igoera defendatu zuen Garcinuñok, eta areago joan zen: Jaurlaritzak eta Confebaskek sinatutako enplegurako lankidetza akordioa ere babestea egokitu zitzaion. «Akordio ona da Euskadirentzat», hasi zen esaten, «eta datozen urteetan bere fruituak emango ditu». Sinatzaileen artean egon ziren eragileen parte hartzea ere defendatu zuen: «Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioari bere balioa eman behar zaio, eta, enpresen konfederazio garen heinean, gobernuarekin batera egingo dugun lana goraipatzea dagokigu».

CCOOk eta UGTk elkarrizketa sozialerako mahaia utzi zuten akordio horren berri jaso bezain laster, «leialtasun falta» egon zelako euren ustez. Ez zelako akordio hori elkarrizketa sozialaren mahaira eraman. Garcinuñoren ustez, ordea, akordioan parte hartu zuten eragileen presentzia babestu zuen: «Ez daukat zalantzarik egin genuen bezala egin beharra zegoela akordio hori; egon behar zuten eragileak egon ziren sinadura ekitaldi horretan». Areago joan zen. Izan ere, haren arabera, patronalak eta Jaurlaritzak ez zuten «inongo trabarik izan akordioak biltzen dituen bost puntuak adosteko». Garcinuñok akordioa babesteko erakutsitako jarrera, ziur aski, beste modu batean interpretatuko dute eragile sindikalek datozen egunetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna