BBVAk dio etorkinak beharko direla langile kualifikatuen falta betetzeko

Hazkunde sendoak 2019rako %8,8ra jaitsiko du langabezia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ekonomiaren aurreikuspen «positiboa» egin du BBVAk. Zertan den Euskadi txostena aurkeztu zuen atzo Rafael Domenech analisi makroekonomikoen arduradunak, eta balorazio on hori egiteko moduko datuak eskaini zituen. Ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %3,1 haziko da aurten, eta 2019an antzera ibiliko da, eta %2,8 hazi. Horrek enplegu sorrera ekarriko du, eta bi urteen artean 30.000 lanpostu berri sortzea, eta 2019. urteko langabezia tasa %8,8ra jaistea. «Euskadik krisi aurreko BPG mailak gaindituko ditu, baina oraindik egiturazko arazoa izango da ekonomia: langabezia tasa, lehiakortasuna, edo hezkuntzako hobekuntza».

Hain zuzen, azken puntu horretan sakondu nahi izan zuen Domenechek, eta azaldu zuen hezkuntzak euskal enpresek dituzten beharretara egokitu behar dutela. Izan ere, BBVAko analistek uste dute ez dagoela «behar besteko langile kualifikaturik» sortzen ari diren lanpostuak betetzeko. Antzera mintzatu zen, euskal gizarteak demografikoki dituen arazoei buruz: «Gizartea zahartzen ari da, eta talentua erakartzeko gaitasuna handitu beharra daukagu». Eskulan kualifikatuaren beharra aldarrikatu zuen horrela. Arazo horri hezkuntza sistema egokituz egin beharko litzaioke aurre, baina negozioen klima egoki bat ere beharrezkoa dela gogorarazi zuen, enpresak «bertan instala eta haz daitezen».

Egungo politika ekonomikoak bere horretan iraungo dutela aurreikusita egin ditu BBVAk aurreikuspen ekonomiko horiek. Egun hauetan, Espainiako aurrekontuak eztabaidatzen ari dira Madrilen, eta horiek onartu ala ez, aurreikuspenak antzekoak izango direla azaldu zuen Domenechek. Eta gogoratu zuen Kataluniako egoera politikoak euskal ekonomian «eragin txikia» izan zuela. «Ez zen sumatu ezegonkortasun ekonomikorik». Gatazkak denboran irauten baldin badu, «asko jota, aurreikuspenetan ehunenetako aldea» egon daitekeela zioen.

Arriskurik eragin dezakeen eragilea Ameriketako Estatu Batuetatik iritsiko litzateke, «neurri protekzionistek euskal ekonomiari zuzenean eragingo» lioketelako. Altzairuaren eta aluminioaren sektoreetan sumatuko litzateke eragin hori. Hala eta guztiz ere, BBVAko arduradunek Europan bertan ikusi dituzte ekonomiarako arrisku nagusiak. Oraindik ez dakite Brexit-akzein eragin izango duen, eta, horregatik, kezka azaldu zuten, baina Italiako egungo egoerari ere begira daude ekonomialariak. Izan ere, eratu berri den gobernuak «europar proiektua zaildu» dezakeela adierazi zuen Domenechek.

Esportazioak, gorantz

Arrisku horiek hor egonda ere, BBVAk datozen hilabete eta urterako hazkunde egonkor bat izango dela iragarri zuen. Horretarako bide ematen dutelako orain arteko datuek. Besteak beste, 2017an esportazioek %10,6 egin zuten gora, eta sektore guztiek igo zituzten atzerriko salmentak. «Europako hazkundeak eta merkataritzak bideak zabaltzen jarraitzen badu, 2018a urte hobea izango da».

Horrez gain, turismoak 2017an errekorreko datuak izan zituela azpimarratu zuen Domenechek. %6,7 egin zuen gora joan den urtean, eta olatu hori aprobetxatzeko aukera aipatu zuen. Urte honetan, ostalarien erronka nagusia litzateke handitzea turistek hemengo hoteletan igarotzen dituzten gau kopurua, eta, azaldu zuenez, hoteletako prezioak egonkortzea aukera bat izan daiteke horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.