Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Del Dagok ez dio erantzun argirik eman Jaurlaritzari Navali buruz

Publizitatea

Ekonomia

Del Dagok ez dio erantzun argirik eman Jaurlaritzari Navali buruz

Langile batzordeak eskatu du eraikitzen ari diren ontziak Navaleko beharginek burutu ditzatela

2017-09-13 / Xabier Martin

Manuel del Dago inbertitzaile espainiarrak Navalen akzio gehienak erosteko proposamena egingo duela kaleratu zuten atzo hainbat hedabidek, baina Eusko Jaurlaritzak esan du Miamin (AEB) bizi den enpresariak ez duela «erantzun argirik eta behin betikorik eman». Ekonomiaren Garapeneko Sailak bat egin du Del Dagorekin, haren asmoak ezagutzeko Sestaoko ontziolari dagokionez, baina inbertitzaileak ez du konpromisorik hartu nahi izan. 31 milioi euroko inbertsioa egin eta kapital handitze batean ontziola bereganatzeko proposamena egin dezakeela zabaldu den arren, «gaur-gaurkoz» ez dago inolako segurtasunik horren inguruan, eta irailean bertan kaleratuko dituzten aldi baterako kontratudunek eta erregulazioan sartuko dituzten langile finkoek gero eta etsipen handiagoa daukate muturreko egoera gaiztotzen ari delako konkurtso atari honetan. Beraz, ez du ematen Del Dagok mugimendurik egin behar duenik urriaren 7aren aurretik, konkurtsoa abiatu aurretik, alegia.

Sestaoko ontziola historikoan lau ontzi daude lan poltsan. Hiru eraikitzen ari dira, eta bat oso aurreratua dago. Zazpi hilabetean buka daitekeela aurreikusi dute, baina beharginek ez dakite konkurtsoak zer ekarriko duen, eta langile batzordeak eskatu du Navaleko langileen esku uzteko ontzi horiek egitea; ontziak bururatzea beharginen lana dela, eta enkarguak behar diren epeetan emateko neurri hori beharrezkoa dela diote langileen ordezkariek.

Langile batzordea oso kezkaturik dago aldi baterako beharginen kaleratzeak eta beste 181 langile finkoentzako erregulazioa gauzatzen badira ezingo direlako ontziak garaiz bukatu, eta horrek are egoera okerragoa eragingo diolako enpresari. Hiru ontzi horietako baten armadoreak dirua aurreztu du, Navalek berak horrela eskatu ondoren, eta batzordeak nahi luke beste bi barkuak eskatu dituzten enpresek ere horixe bera egitea.

Beste erosle bat CELentzat

Jadanik konkurtsoan dagoen beste euskal enpresa handi batek, CELek, bere hirugarren ahalezko eroslearen bisita izango du asteon. Ez du izenik eman nahi izan, baina inbertitzaile horrek papergintzako taldearen aktiboak eskuratzeko interesa azaldu du. Luze gabe laugarren erosle bat ere iritsiko dela esan du konkurtso kudeatzaileak.

Publizitatea

Sortu kontua
Xabier Martin Xabier Martin

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak