Azken hamabost urteetako urtarrilik onenak 1.700 langabe gehitu ditu

Zerbitzuen sektorean galdu dira lanpostu guztiak, eta ia 11.000 afiliatu gutxiago daude Gizarte Segurantzan. Gobernuek urte arteko joera positiboa azpimarratu dute, eta sindikatuek, prekaritatea

Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Krisi aurreko urterik onenetara egin behar da atzera aurtengoaren pareko langabezia datua topatzeko urtarrilean. Urteko lehen hilabetean 1.704 langabe gehiagok eman dute izena Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan, iazko urtarrilean baino 2.400 gutxiagok. Enplegu guztia zerbitzuen sektorean galdu da, Gabonetako kontratazioei lotutako behin-behineko kontratazioan,urtero bezala. Krisiaren osteko urtarrilik onena da aurtengoa: 2008az geroko lehen urtarriletan 10.000 lagunetik gora gehitu baitziren langabezia erregistroetara, nahiz eta iaz, jada, kopurua 4.100era jaitsi. Hala, aurtengo datua azken hamabost urteetako igoerarik txikiena izan da. Edonola ere, badago beste datu azpimarragarri bat: hilabetean ia 11.000 langile gutxiago daude Gizarte Segurantzan afiliatuta.

Guztira, 164.983 langabe daude erregistratuta Hegoaldean, SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren azken datuen arabera. Langabezia tasa, hortaz, hamarren bat igo da abendutik urtarrilera, %12,34raino. Aurtengo lehen hilabetea iazkoarekin alderatuz gero, 15.336 langabe gutxiago daude Hegoaldean, eta 29.262 langile gehiago Gizarte Segurantzan kotizatzen, 1,2 milioi afiliatu guztira.

Urtero legez, lanpostu guztiak zerbitzuetan galdu dira urtarrilean: 2.414, zehazki. Badauka azalpena, urtero errepikatzen den joera baita. Urteko hilabeterik okerrena izan da, historikoki, ilbeltza: Eguberrietako kontsumo igoeraren harira lanpostu ugari sortzen dira urte amaieran, eta desegin egiten dira jaiak amaitu bezain laster. Gainontzeko sektorean, ostera, enplegu sorrerak eutsi egin dio urtarrilean ere, nahiz eta hilabete zaila izan: 546 langabe gutxiago daude industrian, 306 gutxiago eraikuntzan eta 36 gutxiago nekazaritzan.

Lurralde guztietan egin du gora langabe kopuruak, baina batzuetan beste batzuetan baino dezente gehiago: Nafarroan zenbatu dute langabe gehien (+925), eta Gipuzkoan gutxien (+10).

Erreakzioak

Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak azpimarratu du «gutxienez azken hamabost urteetako urtarrilik onena» izan dela aurtengoa. Hala ere, Beatriz Artolazabalek gogora ekarri du 128.326 pertsona daudela langabezian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «eta gizarte osoak lagundu behar die». Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordeak ere alde ona nabarmendu du: «Urte artekoari erreparatuz gero, mantendu egiten da enplegua sortzeko joera sendoa».

Bestelako analisia egin dute sindikatuek. Prekaritatea salatu dute, bai langabeen artean, bai lanpostu berrietan. Izan ere, langabeen ia %62k (114.558 pertsonak) ez dute inolako saririk kobratzen, eta joan den urtarrilean sinatutako 111.700 kontratuetatik ia %92 aldi baterakoak izan ziren.

«Ordua da patronalari kalitatezko enplegua sortzeko exijitzeko, eta hori lortzeko politikak martxan jartzeko», adierazi du LABek. Lau urtez jarraian hazi da ekonomia, eta azken hiru urteetan BPGaren %3 inguruko erritmoan. Halere, enplegua gain behera doala seinalatu du sindikatuak, Gizarte Segurantzan 10.831 afiliatu gutxiago zeudelako urtarrilean. «Langabeziak neurri berean gora egin ez izanak adierazten du biztanleria aktiboa jaitsi egin dela». Langabeziaren datuak arintzen ditu biztanleria aktiboaren txikitzeak, baina LABek nabarmendu du oraindik ere kezka iturri dela.

Euskadiko CCOOk lan merkatuaren prekarizazioa eta langabeen babes sozial falta salatu du. Eta gaineratu du urtebetean %12,3 gehiago direla lanean aritu arren lan bila dabiltzanak EAEn: enplegua hobetu nahi duten 13.054 landun gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.