Zelan hustu zubia

Bilboko itsasadarraren ertzak tunel batekin lotuko dituzte, metropoliko zirkulazioa arintzeko. Batzuen ustez, azpiegitura handiak ez dira konponbidea. Beste batzuek pozik hartu dute.

Erandio eta Barakaldo artean, itsasadarraren bi ertzak lotzen dituen Arrondegiko zubia, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Arrondegiko zubiaren saturazioak konponbidea behar du. Duela hamarkada bi agertu zen arazoa da. Baina zelan lortu? Bilbotik Abrara arteko tartean itsasadarraren bi ertzak lotzen dituen zubi bakarra da. «Ez dakigu zer egin daitekeen. Badakigu tunela ez dela irtenbidea». Ampliacion Supersur Ez plataformako kide Diego Ortuzarrek gogor gaitzetsi du Bizkaiko Diputazioaren erabakia: Portugalete eta Getxo artean tunel bat eraikitzea eta Bilbo hegoaldeko saihesbidea —Supersur du ezizena—AP-68arekin lotzea.

«Denborak erakutsi du ez zela behar saihesbiderik, iragarri baino erabiltzaile gutxiago dituelako. Ibilbidea luzatu nahi dute, hura kudeatzen duen enpresak gehiago irabazteko». Uste du itsasadarreko tunela bera ere «saihesbidera erabiltzaile gehiago bideratzeko» pentsatu dutela. Saihesbidearen 1-B fasea da Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ostegunean iragarritakoa, Arrigorriagara arte eraikiko dena. Oraindik bigarren eta hirugarren faseak faltako dira, hasieran aurkeztutako proiektua osatuko bada. A-8ko trafikoa Bilboko metropolia osatzen duten herriguneetatik ateratzea du helburu ordainpeko autobide horrek. Bukatzen dutenean, Zornotza eta Muskiz lotuko ditu.

Ortuzarrek zalantzan ipini du hegoaldeko saihesbideak eta itsasadarraren azpitik joango den tunel berriak Rementeriak iragarri beste erabiltzaile izango dituzten. «Hainbeste jende joaten da Getxotik Portugaletera? Bilbotik Getxora doazenek ere Arrondegiko zubitik jotzen dute, eta horiek ez dute tunel berria erabiliko».

Heriberto Perezek, ordea, «sinesgarritasun osoa» eman die erabiltzaile potentzialen datuei. Bide, ubide eta portuetako ingeniaria da. Azaldu du errepideen erabiltzaile kopurua zenbatzen dela neurgailuekin. Eta, nora doazen jakiteko, inkestak egiten direla zehaztu du. «Diputazioaren txosten teknikoak oso onak izaten dira». Aitortu du ez dela beti asmatzen, baina bereizi egin ditu hegoaldeko saihesbidea eta tunela: «Batak bidesaria du, eta bestea doakoa izangoa da. Tunela erabiliko duela esan duenak erabili egingo du, ez duelako ordaindu beharko horretarako».

Ortuzarrek uste du beste aukera batzuk aztertu behar zirela. Gogora ekarri du diputazioak berak ere Axpen (Erandio) edo Lutxanan (Barakaldo) zubia eraikitzea zuela burutan. Perezek baztertu egin ditu biak; «adabaki hutsak» izango liratekeela esan du. «Arazoa benetan konpontzeko, tunela egingo den inguru horretan eraiki beharko litzateke zubia, Bizkaiko zubia dagoen aldean. Baina zaila da, etxeak daudelako. Ingurumenean ere eragin gutxiago du tunelak. Axpen edo Lutxanan zubia eginez gero, soilik inguruko jendeak joko luke hortik, eta ez lirateke Artatzako ilarak konponduko. Uribe Kostatik Ezkerraldera doazenei eman behar diegu igarobidea, eta hori Getxon egin behar da».

«Zailtasun tekniko gabea»

Perezek azaldu du tunela eraikitzeak ez duela aparteko zailtasunik. Gogora ekarri du Bilboko Metroa hainbatetan igarotzen dela itsasadar azpitik. «Zazpikaleetako geltokia eta Abandokoa lotu zirenean, itsasadarretik gertu egin zen tunela, geltokiak sakonera txikian egotea nahi zutelako.Zenbat eta azalerago, lurra bigunagoa da, eta zailtasunak egon ziren. Kasu honetan, oso sakonetik igaroko dira, eta harkaitza zulatzea baino ez da izango». Metroa aipatu duela aprobetxatuta, proposamena egin du: «Tuneletik joango den garraio publikoa Areetako eta Portugaleteko geltokien arteko lotura izan beharko litzateke; seigarren linea edo. Izan ere, Uribe Kostatik Ezkerraldera metroz doazenek Bilbora joan behar dute, orain, lineaz aldatzeko».

Eskualdeko alkateek harrera ona egin diote proiektuari. Baina eragin du haserrerik. A-8aren zubia noiz eraitsiko zain daudela ohartarazi dute Bilboko Errekalde auzoko bizilagunek. Sollubeko tunelak aspaldi hitzeman zizkietela esan dute Bermeon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.