Sidenorrek aldi baterako erregulazio bat egin nahi du planta guztientzat

Lantegi bakoitzak duen lan kargaren arabera gauzatzea adostu nahi du sindikatuekin

xabier martin
2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Malgutasun neurri ez traumatikoak» gauzatu nahi ditu bere planta guztietan Sidenorrek. Altzairugileak hilaren 28an abiatuko du aldi baterako lan erregulazioa adosteko negoziazioa sindikatuekin. Lantegi bakoitzak gaur egun duen lan kargaren eta etorkizunean lor dezakeenaren arabera jarriko luke martxan zuzendaritzak erregulazio dosierra; edonola ere, 2.000 behargin ingururi eragingo lioke dosier horrek. Aurretik Espainiako Enplegu Ministerioak eman beharko dio oniritzia lan orduak gutxitzeko neurriari. Zuzendaritzak Reinosa (Kantabria) eta Polinya (Bartzelona) ere euskal lantegien poltsa berean sartu dituenez, Lan Zuzendaritza Nagusiak eman beharko dio baimena Sidenorri, Madrilen. Euskal Herriko lan zentro guztietan eragingo luke lan erregulazioak: Basaurin, Gasteizen, Legution, Maltzagan, Azkoitian eta bulego nagusian. Ikerketa eta Garapena zentroa baino ez litzakete kanpoan geratuko.

LSB-USO sindikatuak atzo jakinarazi zuenez, «konpainiaren etorkizuna eta horrekin batera lanpostuak bermatzen dituen lehiakortasuna» berreskuratu nahi duela esan du Sidenorrek. Aro berri bati buruz hitz egin du zuzendaritzak, eta «merkatuaren beharrei erantzuteko premiaz». Azken urteetan taldeak izan dituen emaitza negatiboak gogoratu ditu, «aurreko zuzendaritzaren aroan».

Sidenorren jabe berriak

Izan ere, Gerdauk duela 11 urte erositako prezioaren herenean saldu zuen aurtengo maiatzean Sidenor. Sidenorreko zuzendaritzako kide batzuk sortutako Clerbil SL konpainiak erosi zuen. Alegia, etxe barruan adostu zuten salmenta 155 milioi euroren truke; Brasilgo altzairugileak Euskal Herrian dituen sei lantegiak saldu zizkion Clerbili, eta baita Espainiako eta Herrialde Katalanetako beste lau plantak ere.

Gerdauk esan zuen Sidenorren jabetzaren aldatzeak ez zuela kaleratzerik eragingo, eta atzo ezagutu zen erregulazioa ez da kaleratzeak egiteko, baina bai beharginak aldi baterako langabeziara bidaltzeko. Jose Antonio Jainaga da Sidenorren kudeatzaile bakarra, maiatzera arte Gerdau-Sidenorreko idazkari nagusia.

LAB sindikatuak aldi baterako lan erregulazioa baztertu du, eta erantsi du «hurrengo hilabeteetan garatu beharreko negoziazio kolektiboa baldintzatzea» dela haren helburuetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.