37 milioi tonako trafikoa izan nahi du Bilboko Portuak 2022. urterako

2017. urtea %6ko hazkundea amaitzea espero du Asier Atutxa portuko presidenteak

Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ozeano Atlantikoko trafikoan erreferente bihurtu nahi du Bilboko Portuak. Dagoeneko Iberiar penintsula eta Frantzia hego-mendebaldeko erreferentziazko portua dela azaldu zuen atzo Asier Atutxa Bilboko Portu Agintaritzako presidenteak, baina urrats bat gehiago egin nahi du datozen urteetan. Portuak 2022. urterako dituen aurreikuspenen berri eman zuen atzo, eta horien artean urtero %2,7 haztea izango litzateke helburu nagusia. 2017. urtea %6ko hazkundearekin aurreikusten du agintaritzak, «baina lortu ahal diren helburuak» ezarri nahi dituztela azaldu zuen Atutxak.

Hau da, Bilbo Portuko trafikoa 37 milioi tonara iristea nahi dute 2022. urterako. Joan den urtean 32 milioi tonako trafikoa izan zuen, eta azken lau urtean %17 hazi da kopuru hori. Edozein modutan, amaitzera doan urterako 37,5 milioi tonako trafikoa izatea espero zuen agintaritzaren aurreko plan estrategikoak, baina helburu hori bete gabe geratu da. «Hazkundea handia izan da, baina ez gara helburura iritsi», Atutxaren arabera. Horregatik, akaso, lortu ahal diren helburuak lortzeko ezarri dute urteroko %2,7ko hazkundea.

Trafikoaren hazkundea bermatzeko, Bilboko Portuak azpiegituretan aurrerapausoak eman behar dituela azaldu zuen Atutxak. «Bilbo hegoaldeko trenbide saihesbidea aurreikusitako epeetan amaitzea ezinbestekoa da». Portuko trafikoaren %21 trenbidez iristen da, eta garraio hori %25era hazteko asmoa dauka portu agintaritzak. Horrez gain, Espainiako Gobernuari ere eskaera egin zion presidenteak, portuen eskumena Eusko Jaurlaritzak izan beharko lukeela iradokiz: «Europan portuak udalek edo lekuan lekuko gobernuek kudeatzen dituzte».

Harresia eta armen trafikoa

Migratzaileak portura sartzea eragozteko lau metroko garaiera duen horma bat eraikitzen ari da portu agintaritza, eta kritikei hala erantzun zien Atutxak: «Merkantzien eta pertsonen garraioa bermatzea dagokigu, eta garraio hori ziurtatzeko neurri bat da». Arma trafikoari dagokionez, portua merkantzien garraiorako lekua dela gogorarazi zuen: «Trafikoa legezkoa baldin bada, guk hori egiten uzten dugu; ez dut uste armen trafikoa inori interesatzen zaionik». Era horretan itzali nahi izan zituen polemika horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.