Gipuzkoa %2,6 eta %3 artean haziko da, eta 7.000 enplegu sortuko dira

Adegi patronalaren arabera, enpresak «azken hamar urteotako garairik onenean» daude, eta konfiantza betea du

Danobat Groupeko Soraluze enpresako langile bat beharrean. JUAN CARLOS RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan euskal eragile ekonomiko guztiek izan duten bidelaguna atzean geratzen hasi da: zuhurtzia. Adegiko presidente Pello Gibelaldek triunfalismoz jantzi zuen bere agerraldia atzo, Donostian, patronalak egiten duen aldikako inkestaren berri emateko. «Azken hamar urteotako garairik onenean daude Gipuzkoako enpresak», esan zuen. Hamarretik bederatziren salmentak hazten ari dira, edo fakturazioari eusten; eskaera poltsak handituz doaz, eta enpresen ekoizpen gaitasuna %83an dago. Halaber, inbertsioak hazten ari dira, eta esportazioak sendo daude, 2017ko emaitza historikoen ondoren. Alegia, dena emanda doa makina, Gibelaldek jakinarazitako datuen arabera.

Itzal gutxi dago agertoki eguzkitsuan, patronalarentzat; bi aipatzearren, salmenten errentagarritasuna jaitsi izana eta enpresek behar dituzten langile trebatuak aurkitzeko zailtasunak helarazi zituen Gibelaldek. Baina oztopo horiek ez dira gai 2018rako aurreikuspena iluntzeko: Gipuzkoa %2,6 eta %3 artean haziko da, eta 7.000 enplegu inguru sortuko dira lurraldean.

2017. urtea ere «bikaina» izan dela esan zuen Adegiko buruak, «aurreikuspenak gaindituz, eta enplegua modu sendoan sortuz». Esparru horretara iristean, geldialdi bat egin zuen nabarmentzeko kontratu mugagabeak «ia krisi aurreko mailan» daudela. Eta soldata igoerari ere heldu zion Gibelaldek. %1,66ko igoera egon dela esan zuen, baina azaldu gabe igoera hori itunen baten pean dauden langileen batez bestekoa dela, eta ez langile guztiena. Dena den, Gipuzkoako patronal nagusiaren presidentearen arabera, 2017ko urte bikaina islatu da «enplegu sorkuntzan, haren kalitatean eta soldatetan».

Hala, 6.500 enplegu sortu dira Gipuzkoan azken urtean, eta kontratu mugagabeak %20 hazi dira kasik. Aldi baterakoen hazkundea %6 izan da. Patronalaren buruak nabarmendu zuen 25.875 kontratu finko sinatu direla 2017an, eta hazkunde horrek 2006ko mailara daramala indizea. Aurreikuspen argi bat ere gaineratu zuen, hura ere triunfalismotik oso gertu: «Zalantzarik gabe, 144.000 kontratu finkoren muga gaindituko da 2018an, inoizko kopururik handiena Gipuzkoan».

Erosteko ahalmena igo da

Lurraldeak duen «enplegu kalitatea» Gipuzkoaren ekonomiaren egiturak azaltzen du, Adegiko buruaren ustez; industria gailentzen den eremuan «enplegu egonkorragoak daude, soldata hobeekin eta kualifikazio gehiagorekin».

Soldaten inguruan hainbat hausnarketa egin zituen Pello Gibelaldek, batik bat ondorio batera iristeko: Gipuzkoako soldatapekoek erosteko ahalmena irabazi dute azken hamabi urteetan. Hasteko, azaldu zuen iaz %1,6koa izan zela soldata igoera batez beste, soilik itunpeko beharginena dela aipatu gabe; inflazioari erreparatu zion segidan: %1,1 izan da 2017an. «Baina soldata igoera ez da bakarrik azken urtean gertatu», esan zuen; «2006tik 2017ra %20 igo dira soldatak, eta epe horretako inflazio pilatua %18 da ia; hau da, erosteko ahalmena irabazi da kasik bi puntutan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.