Hegoaldeko ontziek 400 tona berdel gehiago arrantzatu ahalko dituzte

Espainiako Gobernuak arrantza kuota handitu du, eta aurtengo %20ko murrizketa leundu du

joxerra senar
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Kolpea leundu da, baina ez da nahikoa. Aurtengo berdelaren kanpainarako, Europako Batasunak gehienez arrantzatzeko kuota %20 murriztu zien Kantauri kostaldeko arrantzaleei, eta, guztira, 25.202 tonako kopurua ezarri zuen. Orain Espainiako Gobernuak gehieneko kuota hori 5.200 tona handitzea lortu du, baina, Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantza Kofradien federazioko presidentearen arabera, ez da aski. Igoera ontzat jo badu ere, hainbeste ontziren artean banatu behar denez, arrantzaleek hainbeste ez dutela nabarituko uste du: «Makroekonomia ondo doa, baina gero eguneroko poltsikoan ez dugu nabaritzen», alderatu du. Hala, haren esanetan, 5.202 tonatatik «400 tona inguru» Gipuzkoako eta Bizkaiko ontzientzat izango dira.

Kuota ontzien artean banatzerakoan, gehienez 80.000 kilo arrantzatzeko muga ezarri zen; orain, berriz, kuota 90.000 kilora handituko da. Olaizolak zehaztu du kopuru hori ontzi handientzat dela, eta, txikienen kasuan, gizon kopuruaren arabera banatzen dela. Dena den, kontuan izanikiaz ontzi bakoitzeko 100.000 kiloko kuota zutela, bederen murrizketa erdira leuntzea lortu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek.

Espainiako Arrantza Ministerioak atzo prentsa ohar bidez iragarri zuen beste 5.202 tona berdel gehiago arrantzatzeko baimena izango dutela Kantauri kostaldeko arrantzontziek. Kopuru horretatik, 1.076 tona Europako Batasuneko beste herrialde batzuekin egindako trukearen bidez eskuratu ditu. Ministerioak aurreratu du ez dela hor geratuko, eta truke bidez kuota handitzeko ahaleginean jarraituko duela.

Gainera, iazko berdelaren kanpainan, ontziak ez ziren ailegatu gehieneko kuotara eta soberakin hori aurtengoan erabil dezakete. Kopuru hori eman gabe zegoen, eta atzo Ministerioak zehaztu zuen 740 tona gehiago izango direla. Azkenik, urtearteko %10eko malgutasun mekanismoaren bidez, martxoan 3.567 tona gehiago banatu dira. Horri esker, kuota 5.202 tona handitu da.

Isunaren zama

Murrizketa leundu bada ere,2009ko kanpainako isunaren zama oraindik ere beren gain dute arrantzaleek. Orduan, Kantauri kostaldeko arrantzaleek zegokien kuotaren ia bikoitza harrapatu zuten, eta EBk isuna ezarri zien, 2023 arte berdelaren urteroko kuota beste 5.000 tona gutxituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.