Iberdrolaren txanda Urkullurekin, Siemens hartu ostean

Siemens Gamesak Iberdrolaren «egiteko modua» ikas dezakeela esan du Arantxa Tapia sailburuak

Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, atzo. IREKIA.
xabier martin
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Siemens Gamesaren bi akziodun nagusien arteko konfiantzarik ezak bere horretan jarraitzen du. Aurreko astean, Iberdrolako eta Siemenseko buruek zubiak eraikitzeko saioa egin zuten; Ignacio Sanchez Galanekin Madrilen elkartu ondoren, geldialdi azkarra egin zuen Siemenseko presidente Joe Kaeserrek, Zamudion, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batzartu eta harekin argazkia ateratzeko. Gero, Berlinera itzuli zen. Atzo, multinazional eolikoaren beste akziodun nagusiaren txanda izan zen, Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanena. Mezu argia eman zion hark Urkulluri: Iberdrola da Siemens Gamesari euskal erroari eusten diona, eta Siemens Gamesa Berlinen adar soil baten gisa kudeatzeko arriskua badago. Konpainia elektrikoak «Euskadiri egiten dion ekarpen ekonomikoa» esplikatu zuen Galanek, eolikoaren kokagunearen zaintzaile dela argi uzteko.

Lerroburu nagusia kopuru batekin idatzi zuen Iberdrolako buruak: 10.000 milioi euro. Kopuru hori da 2022. urtera arte Iberdrolak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo duen ekarpena; soldatak, zergak, erosketak eta akziodunei banatuko dizkieten dibidenduak kontuan hartzen ditu kopuru horrek. «Euskadirekin duen konpromisoa» aipatu zuen Galanek. %25 igoko da 2018-2022ko epean egindako ekarpenarekin alderatuta. 2017an, esaterako, elektrikoak 1.600 milioi euroko eragina izan duela azaldu zuen Iberdrolako buruak. 750 milioi eurorenak izan dira, halaber, mila euskal enpresa baino gehiagori egindako erosketak.

Aurreko hileko 23ko Siemens Gamesaren akziodunen batzarrean, Sanchez Galanen konpainiak egindako proposamen biak atzera bota zituen Siemensek, bere ordezkaritza handiena baliatuz —Siemens da akziodun nagusia, %59 baitu; Iberdrolak %8 baino ez dauka—, eta bien arteko harremana are gehiago gaiztotu zen.

Bat egindako enpresa berriko presidentea Espainiako Siemenseko presidentea da, Rosa Garcia, eta kontseilari ordezkaria Markus Tacke da, hura ere Siemenseko goi karguduna. Presidentetza Gamesa zaharreko gidariren batek hartzea nahiko luke Iberdrolak, konpainiaren botere karguak orekatzeko; baina Siemens erraldoiaren presidente Joe Kaeserrekin egindako bilerak ez du konpondu arazo hori.

Eta Jaurlaritzak lanak dauzka orekari eusteko orain. Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak keinu bat egin zion atzo Iberdrolari. Esan zuen Siemensek euskal elektrikoaren «egiteko moduak» ikas ditzakeela. Modu horiek Gamesara eraman zituela esplikatu zuen, eta orain Siemens Gamesara ere irits daitezkeela. «Akziodun desberdin bat dago orain, eta, beharbada, hark ez du Euskadi horrenbeste ezagutzen. Denon artean, konfiantza hori eta azken urteetan Euskadiren nortasuna izan den egiteko modua erakuts diezaiokegu».

Horrez gain, Tapiak gogorarazi zuen Siemensek konpainia eolikoa Euskal Herrian uzteko konpromisoa helarazi ziola Urkulluri, baina «konpromiso hori egunetik egunera» ikusi behar dela. Iberdrolak bihar egingo du akziodunen batzar nagusia, Bilbon. 90.000 akziodunen artean 242 milioi banatzea onartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.