Trumpek hasi, Trumpek amaitu

AEBek EBko altzairuari muga zergak jartzea edo ez erabakitzeko epemuga iritsi da, itunik gabe

Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Donald Trumpek hasi zuena Donald Trumpek amaituko du. Gaur arteko epea ezarri zuen AEBetako presidenteak Europako Batasunarekin eta beste hainbat herrialderekin altzairuari eta aluminioari jarritako muga zergak eztabaidatzeko. Iritsi da epemuga, eta zegoen lekuan dago pilota oraindik ere. Txinarekin hasitako gerra komertziala Europara hedatu edo ez: horra hor erabakia.

EBren erantzuna, hasieratik, berbera izan da. AEBen gertuko aliatua da blokea, eta ezin zaio leporatu merkatua altzairu merkearekin gainezka jarri izana. Hori dela eta, exijitu du behin-behineko atzerapena izan dena behin betiko salbuespen bihurtzeko. AEBetako administrazioak entzungor egin dio argudioari.

Aurreko astean, Europako agintariek Washingtonera eraman zuten eraso politikoa. Emmanuel Macron Frantziako presidentea lehenbizi, eta Angela Merkel Alemaniakoa ondoren, Trumpekin bildu ziren, merkataritza auzia bideratzeko asmoz.

Fronte horretan ezer gutxi aldatu zen batzarrekin. Trumpek bereari eutsi dio: Europak oso gaizki tratatzen dituela AEBetako produktuak, eta egoera hori amaitu behar dela. EBrekin —eta ez herrialdez herrialde— negoziatu beharrarekin ere kexatu da Trump. Ez Macronek, ez Merkelek ez zuten lortu AEBetako presidenteak argitzea zer erabakiko duen.

Okerrerako prest egon nahi du blokeak. Igandean telefonoz aritu ziren Macron, Merkel eta Erresuma Batuko lehen ministroa, Theresa May, erantzuna koordinatzeko asmoz. Denak bat datoz EBk ezin duela besoak gurutzatuta geratu Europako altzairuari %25eko muga zergak eta aluminioari %10ekoak jarriz gero.

EBren erantzuna, prest

Europako Batzordeko iturriek atzo azaldu zuten badutela «pazientzia», baina konponbiderik ezean «prest» daudela erantzuteko. Bruselak zerrenda luzea argitaratu zuen joan den martxoan, jopuntuan dituen balizko produktuekin. Ehunka ageri dira: motozikletak, bourbona, jantzi bakeroak, zigarretak, artoa, laranja zukua, makillajea eta ontziak daude jomugan, altzairuzko produktuekin batera. Guztien balioa 6.400 milioi eurokoa da. Hain zuzen ere, Europak iaz AEBetara egindako altzairu esportazioen balio bera. Kopuru eta produktu zehatzak aurrerago erabakiko dituzte, eta 90 egun pasa daitezke hartutako kontraneurriak indarrean sartu arte.

Muga zergetatik behin-behinean libratu zenetik, Europako Batzordea eta AEBak negoziatzen aritu dira, baina ez da izan aurrerapenik. Hainbat hedabideren arabera, Wilbur Ross Merkataritza idazkariak kuota sistema bat onartzeko eskatu du. 2016 eta 2017. urteetan esportatutako altzairuari %10eko murrizketa egitea nahi dute AEBek. Europak ezezkoa eman dio aukera horri, besteak beste, MME Munduko Merkataritza Erakundearen araudiek ez dituztelako baimentzen borondatezko murrizketak.

Auzia luzatzen bada Alemaniako autoei muga zergak jartzeko mehatxua egin du Trumpek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.