Sinbolismoz betetako lehen bidaia egin du Macronek Kaledonia Berrira

Frantziako presidentea erreferendumerako sei hilabete geratzen direnean joan da uhartera

Erredakzioa
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sinbolismoz betetako bidaia abiatu zuen atzo Kaledonia Berrira. Lehen aldia da agintaria itsasoz haraindiko lurralde gisa izendatutako uhartera joaten dela, eta une berezian dator bidaia, erreferendumerako sei hilabete geratzen direnean, hain zuzen ere. Kaledonia Berrian azaroaren 4an egingo dute autodeterminazio erreferenduma. Nahi duzu Kaledonia Berriak burujabetza osoa eskuratzea eta independente bihurtzea?. Galdera horri erantzun behako diote egun horretan 170.000 boto emailek.

Frantziako Gobernuak eta koloniako alderdi independentistek eta unionistek martxoaren bukaeran adostu zuten formulazioa Parisen. Galdeketak duela 30 urte abiatutako deskolonizazio prozesuari amaiera emango lioke. 1987. urtean, gerra zibila bete-betean zenean, boikota egin zioten kanakek, jatorrizko herritarrek, erreferendumari, eta handik urtebetera hasi zituzten negoziazioak. 1998an, hamar urte geroago, adostu zuten bi aldeek erreferendumerako ituna; Noumeako Akordioa —larunbatean beteko dira 30 urte sinatu zutela—.

Macronena, bada, eduki sinboliko handiko bidaia da, itunaren urtemugan hitzaldi bat emango baitu. Agintariak ez du erreferendumarekiko jarrera jakin bat agertuko eta bi komunitateek partekatzen dituzten balioak aldarrikatuko ditu. Garai kolonialaren itzalak onartuko ditu ere, baina ahaztu gabe uharteak bizi izan duen garapenean estatuak izandako eragina.

Macronen keinu sinbolikoak etengabeak izango dira. Ouveako Gossanah kobazuloaren sarraskian 1988an hildako hemeretzi ekintzaile independentistak oroituko ditu —Frantziako armadak hil zituen, eta bi soldadu ere hil ziren ekintza hartan—. Fayaouen urte hartan gerrillariek hildako lau jendarmeak ere izango ditu gogoan. Eta Wadrillan, urtebete geroago, hildako bi buruzagi independentistak: Jean Marie Tjibaou eta Yeiwene Yeiwene.

Inkestak

Galdeketa gerturatu ahala, independentziaren aldeko eta kontrakoen arteko tentsioa goratzen ari da uhartean. Inkesten arabera, baiezkoa nagusituko da, herritarren %59,7k babestuko baitute independentzia. Apirilean egindako inkestaren arabera, herritarren %22,5 burujabetzaren kontra daude eta %17,8k ez dakite alde edo kontra bozkatuko duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.