Amiantoaren biktimek beren elkartea sortu dute Nafarroan ere

Amiantoagatik gaixotu diren langileak aitortzea dute helburu. Kalte-ordainak emateko funts bat sortzeko eskatu dute
Ilintxeta, Uzkudun, Bengoetxea, Bueno, Castaño eta Herrero, atzo, Iruñean.
Ilintxeta, Uzkudun, Bengoetxea, Bueno, Castaño eta Herrero, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Joxerra Senar -

2018ko maiatzak 17
Amiantoa mehatxu ikusezina da. «Harekin lan egin izan dugunok buru gain dugun zigorra da». Jesus Uzkudunek urte asko darama borrokan amiantoaren arazoa ikusarazteko. Egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biktimen elkarteko (Asviamie) ordezkari da, eta atzo Iruñean izan zen, Nafarroan sortu berri den Adavan elkartearen aurkezpenean. Bultzatzaile gehienak Altsasuko Sunsundegui, Lesakako Arcelor Mittal eta Tafallako Luzuriaga enpresetako langile ohiak dira, eta aurrerantzean Nafarroako biktimei eta sendiei laguntzen saiatuko dira. Adavanek aldarrikatzen du gaixoak aitortuak izatea eta berehala kalte-ordainak jasotzea. Horregatik, Madrilgo gobernuari eskatu dio berehala sortzeko kalte-ordainen funts bat.

Izan ere, Espainiako Kongresuak berak, PPren abstentzioarekin, mozio bidez funts hori sortzeko agindua eman zion Mariano Rajoyren gobernuari, baina hark oraindik «blokeatua» du. «Konpentsazio funts hori sortzea gakoa da», azpimarratu zuen atzo Uzkudunek. Dena den, ez du uste 2018ko Espainiako aurrekontuetan neurri hori aurrera aterako denik, iruditzen baitzaio «bigarren mailako auzia» dela oraindik. Madrilek urrats hori egin ezean, funtsa sortzera deitu ditu Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua.

Iaz, 2.876 lagun izena emanda

Hain zuzen ere, Nafarroan presio hori egiten saiatuko da Adavan elkartea, eta gizarteari arazoaren tamaina ezagutaraztea izango du helburu nagusi. Adibidez, iazko datuen arabera, Nafarroan 2.876 lagun zeuden izena emanda amiantoa erabili duten langileen zerrendan, eta, horregatik, urtero azterketa mediko bereziak egiten zaizkie —X izpiak, eskanerrak eta abar— gaixotasunak atzemateko asmoz. Haatik, Adavanek argi du langile gehiago izan beharko luketela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.500 lagun inguru daude izena emanda, baina Uzkudunek dio ez duela atseden hartuko «25.000 izan arte».

Elkarteak nahi du kaltetutakoak aitortzea, gaurdaino gaixotutako langile ohi askok «erromesaldi luzea» egin behar baitute epaitegietan. Berriki, adibidez, Gizarte Segurantzak ofizioz aitortza eman dio Artaxoako Juan Manuel Esparza Solari, Luzuriagako langile ohiari. Mesotelioma minbizia atzeman zioten, baina hil egin zen aitortza izaterako.

Mehatxu ikusezina gertutik ezagutu dute elkarteko kideek. Josune Bengoetxeari senarra hil zitzaion duela bost urte, ustez bat-bateko bihotzekoak jota, baina, gerora jabetu izan denez, ordurako jada agertzen hasiak zituen amiantoak eragindako sintoma batzuk. Julen Ilintxetak Altsasuko Sunsundegin lan egin izan du urte luzez, Pedro anaiarekin batera. Duela bi urte zendu zen hura, amiantoari lotutako gaixotasun batek eraginda.

Alabaina, Nafarroan ez dago amiantoaren eraginez hildakorik erregistratuta. «Badakizue zergatik? Adibidez, hil berri den artaxoarra erretiratu bat zelako, eta horiek ez dituzte kontuan hartzen», kritikatu du Uzkudunek. Haren hitzetan, «isilpeko hitzarmen bat dago» arazoa ezkutuan izateko, eta maiz familiek eurek eskatu behar izaten dute autopsia heriotzaren zergatia zehazteko.

Horregatik, Adavan elkarteak uste du euren lana giltzarri izan daitekeela «alfonbrak altxatzeko». Berriki, Europako Batzordeak azaldu du lanari lotutako heriotzen %53 minbiziaren eraginez direla, eta zergati nagusia amiantoa dela. Estatukide batzuek aurre egiteko neurriak hartu dituzte, baina biktimen elkarteek uste dute Espainian eta Hego Euskal Herrian gutxi egiten dela. «Gaixotasun profesionalen erregistroan, amiantoari lotutako oso eritasun gutxi sartu dira. Batetik, enpresek, mutualitateek eta prebentzio zerbitzuek oztopoak jartzeko jarrera dute; bestetik, administrazioek gaixo horiek jarraitzeko ezarritako programek gabezia handiak dituzte», azaldu du Josune Bengoetxeak.

Horregatik, besteak beste, eskatu dute amiantotik eratorritako gaixotasunen erregistro bat egin dadila foru erkidegoan. Era berean, galdegin dute eraikin publiko eta pribatuetan azterketak egin daitezela amiantorik ote dagoen antzemateko, eta, hala balitz, modu kontrolatuan kentzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna