Lan erreforma bertan behera uzteko eskatu dio Muñozek Sanchezi

Aurrerantzean ere lan erreforma borrokatzera deitu du, eta Gipuzkoako ostalarien itunean topatu du adibidea
Mirari Irure, Adolfo Muñoz, Angela Muñoz eta Miriam Barros, atzo, ELAren Bilboko egoitzan.
Mirari Irure, Adolfo Muñoz, Angela Muñoz eta Miriam Barros, atzo, ELAren Bilboko egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 15
Herenegungoa da argazkia, Madrilen: CEOE eta Cepyme patronaleko buruak, CCOO eta UGTko idazkari nagusiak eta Pedro Sanchez Espainiako presidente hautatu berria mahai beraren bueltan. Lan erreformari eta soldatei buruz hitz egiteko batu ziren, eta, egun berean, Magdalena Valerio Lan ministroak argi hitz egin zuen: lan erreforma ez dute bertan behera utziko dekretu bidez; ez, behintzat, patronalaren babesik gabe. Eta horrek zaila dirudi.

Horregatik, argazki horretan Sanchezek presioa gainetik kendu nahi izan zuela adierazi zuen atzo Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Lan erreforma bertan behera uzteko ardura berak daukalako. «Patronalarekin batera agerraldi bat egiteak esan nahi du lan erreforman gehiago sakontzea; eta sindikatuekin azalduta, presioa gainetik kentzen du». Horregatik, lan erreforma bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako presidenteari. Bide horretan, «zentsura mozioan babesa eman zien taldeetan bila dezala babesa, horiek denak azken lan erreformaren aurka baitzeuden».

Sindikatua, bitartean, aurrerantzean ere lan erreformaren aurka borrokatuko dela aurreratu du Muñozek. Hain zuzen, Espainiako hoteletako garbitzaileen Las Kelly plataformako kideekin bildu ziren sindikatuko ordezkariak, eta Gipuzkoan lortu den ostalaritzako akordioaren nondik norakoak azaldu zizkien. Mirari Irure Gipuzkoako zerbitzuen arloko arduradunaren arabera, akordioarekin lan erreforman bildutako neurri batzuei aurre egin ahal izan zaie. Besteak beste, bildu zuten ultraaktibitatea hiru urtera luzatzea, eta azpikontratazioak egiten direnean ostalaritza sektoreko baldintzetan egingo dela. «Gaur egun Gipuzkoako hoteletan lan batzuk azpikontratatzen badira, garbi daukate ez dutela lanposturik aurreztuko, ezta dirurik ere; hori oso garrantzitsua da langile horientzat».

Angela Muñoz Kellys plataformako kideak, hitzarmen hori ikusi, eta begirunez hitz egin zuen ELAren egoitzan. Halako neurriak lortzeko borrokan lagunduko dien sindikatuak behar dituztelako Espainian, haren ustez: «CCOO eta UGTrengana joan izan garenean, esan digute lan erreformak negoziazio kolektiboan zuten ahalmena kendu diela». Arrazoi hori ez zuen ontzat hartu, eta oinarrizko sindikalismora itzuli behar dela aldarrikatu zuen.

Aukera hori baliatu zuen Muñozek esateko «mugitzen ez denak ez duela ezer lortzen». Lan erreformari aurre egiteko modu bakarra hari aurre egitea dela adierazi zuen, eta, bide horretan, erresistentzia kutxa ezinbesteko oinarria dela. Horretaz gainera, eragile sozial eta sindikalen eginbeharra ere azpimarratu zuen: «Gobernuan zein dagoen berdin du, presio egiten jarraitu beharra daukagu politika horiek aldatzen saiatzeko». Hori egiten ez duten eragileak boterearen ondoan daudela azaldu zuen, horrela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna