Urteko lehen hiruhilekoan enpleguaren sorkuntza bizkortu da Nafarroan

Zerbitzuak dira ekonomiaren hazkundearen zutabe nagusia, baina VWek berriro abiada hartzeak industriaren hazkunde tasak igo ditu

Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Bizkortu egin da Nafarroako ekonomiaren hazkundea urtearen hasieran. Jakina zen barne produktu gordina %3,3 hazi zela urte arteko tasan —%3,2 aurrekoan—, eta atzo beste datu interesgarri bat zabaldu zuen NafarroakoEstatistika Institutuak: enpleguaren sorkuntza —lanaldi osoko enpleguetan zenbatuta— %2,8tik %2,9ra bizkortu dela urte arteko tasan.

2018ko lehen hiruhilekoan zerbitzuak izan dira Nafarroako ekonomiaren motorra. %4,4 hazi dira, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago. Zerbitzuen artean, merkatuko zerbitzuak dira indartsuenak (%4,4). Are gehiago bizkortu da eraikuntza, %1,8tik %2,2ra. Etxebizitza gehiago eraikitzen hasteak biziberritu du sektore hori, herri lanetan ez baita hazkunderik.

Motelago doa industria, hazkunde erritmoa %1,6tik %1,8ra igo arren. Baina tasa txikiago horren azpian udaz geroztik Nafarroako industriaren datuak kaskartzen dituen faktore bat dago: VWen modelo berria. Landabengo fabrikak erritmoa bizitu ahala ari da bizkortzen lurralde osoko industriaren datua, haren oso menpekoa baita. Bestela, ongi doa industria, Gizarte Segurantzaren afiliazio datuek erakusten dutenez.

Eskariari dagokionez, kontsumo pribatuak tasa handietan jarraitzen du, baina moteltzen ari da nabarmen (%3,6tik %3,3ra jaitsi da bi hiruhilekotan), eta suspertu, berriz, inbertsioa: %0,4tik %1,5era (bi hiruhilekotan ere bai). Atal horretan, eraikuntzan egiten den inbertsioa da indartsuena (%1,8), ekipamendu ondasunetakoa baino handiagoa (%1,3).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.