Laboral Kutxak 121,4 milioi euroko irabazi garbia lortu du, %9 gehiago

Enpresei emandako maileguek %12,5 egin dute gora, eta hipoteka kredituek, berriz, %10,2

xabier martin
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ekonomia globalaren adierazle nagusiek «bizkortze bidea» hartu dutela jarri du bere alde Laboral Kutxak bere mozkinak %9,1 hobetzeko, aurreko urtearekin alderatuta. Hain zuzen, 121,4 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2017. urtean. Ekonomiaren bilakaera ona izan arren, «marjinen murrizketa nabarmena da oraindik finantza negozioan», kreditu kooperatiba dioenez, baina haren errentagarritasunak hobera egin du berriro, eta %7,53ko mailara iritsi da baliabide propioei dagokienez.

Merkataritza jardueraren «dinamismo handiagoa» oinarrizkoa izan da 2017ko emaitza onak azaltzeko. Negozioa handitzearekin batera, «arriskuaren kudeaketa egokia» egin duela dio entitate finantzarioak, eta, ondorioz, berankortasun tasa apala dela (%5 inguru). Era berean, euskal kreditu kooperatibak eutsi egin die likidezia mailei (LTD %78) eta aspaldian sendoa den kaudimenari (CET1 %18,14).

Maileguak gora

Kreditu inbertsioa 13.312 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino % 1 txikiagoa. Joera aldaketa «nabaria da», kreditu kooperatibak azpimarratu duenez, eta mailegu berrien formalizazioak «hazkunde esanguratsua» izan du 2017an. Gainera, bezeroen segmentu guztietan egin du gora finantzaketa eskaerak. Familien esparruan, etxebizitza erosteko emandako hipoteka kredituaren bolumena% 10,2 hazi da. Kontsumorako kredituak ere erritmo biziari eutsi dio. Kreditu pertsonalen zorroaren saldoa 2016ko abendukoa baino %7,7 handiagoa izan da, bolumena %4,3 hazi eta gero.

Laboral Kutxarentzat, garbi dago merkataritzaren alorrean ziklo aldaketa dagoela, «batez ere tamaina handieneko enpresetan». Kreditu inbertsioa %2,3 hazi da enpresen arloan, enpresa txiki eta ertainek eta handiek eskatutako formalizazio berriek bultzatuta, ekitaldiko bolumena %12,5 hazi da.

Bestalde, gastuen atala murriztu du aurten ere Laboral Kutxak. Ustiapen kostuei eutsita, %2,5eko aurrezpena lortu du 2016ko datuekin alderatuta. Amortizazioak (18 milioi) eta hornidurak (35,4 milioi) kendu ondoren, zerga aurreko emaitza gordin bateratua (EBITDA) 134,2 milioi eurokoa izan da, arestian esan bezala. Labora Kutxaren emaitza garbia %9 hobetu da, horrenbestez; 121 milioi eurotik gorakoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.