Eustateko langileen egonkortasuna eskatu dute sindikatu guztiek

Sindikatuen ustez, estatistika erakundeko langile ia guztiek bat egin dute grebarekin, baina erakundeak dio %31,8ko parte hartzea izan dela

Eustateko langileak, atzo, Eusko Legebiltzarraren aurrean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Greba egun batekin erantzun diote Eustateko langileek beren lan jardun bereziari. Arrakastatsua, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen ustez, deitutakoen %98k utzi baitzioten lan egiteari; erdipurdiko erantzuna, Eustaten beraren arabera, %31,8 ez zirelako lanera azaldu. Langile multzo handi bat Eusko Legebiltzarraren aurrean elkartu zen, Elkarrekin Podemosek langile horien egoerari buruzko mozio bat eztabaidatu behar zuelako; debate hori, baina, atzeratu egin zen.

Grebaren erantzunari buruzko hain zenbaki desberdinak ematearen arrazoietako bat da alde batek eta besteak ez daudelako adoszeintzuk diren zehazki Eustateko langileak: 91 direla diote sindikatuek, baina kopuru hori 195 dela dio zuzendaritzak, azpikontratatuak ere sartuta.

Eustaten lanpostuak zeintzuk diren zehaztea da, hain zuzen ere, sindikatuen eskaera nagusietako bat. Gasteizko gobernuaren menpekoa da estatistika erakundea, baina haren langileak ez dira funtzionarioak, baizik eta lan kargaren arabera deitzen dituzte lanerako. Egoera hori prekarioa dela salatu dute grebalariek, eta uste dute badagoela konponbide bat: Eustateko langile propioek egitea datuen bilketa guztia, baita gaur egun enpresa azpikontratatuek egiten dituzten inkestak ere. «Badago nahiko lan, ondo antolatuz gero. […] Borondate politikoa falta da», dio sindikatuen agiriak. 2018-2022 epean 228 operazio egiteko plana du Eustatek, baina horietatik langile propioak hamabost baizik ez dituztela egingo ziurtatu dute sindikatuek. Lan horiek haiek eginez gero, langileen %100 jardunaldi osoan aritzeko aukera izango lukete. Gaur egun behargin batzuek hiruzpalau hilabeteko lana baizik ez dute, eta beste hilabeteetan lan egiteko arazoak dituzte, deipeko kontratua izanik Eustatek deitzen dienean beharrera agertu behar dutelako. Baldintza horietako lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa oso zaila dela salatu dute langileek. Haietako %90 dira emakumeak.

Eustateko langileek urteak daramatzate beren egoera hobetu nahian. Auzitara jo zuten 2010ean eta 2012an, beren lanpostuak LPZ lan publikoen zerrendan ager zitezen, eta arrazoi eman zieten epaileek. Eusko Legebiltzarrak ere eskatu du haien egoera konpontzeko, EAJ ez beste taldeen botoekin. «Eusko Jaurlaritzak, ordea, egoera prekarioa mantentzeko proposamena egiten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.