Demokratek ez dute 'impeachment' prozesua luzatzeko nahikoa babesik

AEBetako Senatua lekukoak deitzearen inguruan bozkatzekoa zen bart. Errepublikanoek berehala nahi dute kargugabetzeari buruzko bozketa

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
AEBetako Senatuak bart erabaki behar zuen Donald Trump AEBetako presidentearen kontrako impeachment prozesua luzatuko zuen ala ez, aldeek froga eta lekuko gehiago aurkeztu ahal izan dezaten. Edizio hau ixterako, erabakia hartu gabe zegoen; demokratek lau senatari errepublikanoren babesa lortu behar zuten prozesua luzatzeko. Hori lortu ezean, epaiketa politikoa epai zain geldituko zen, impeachment-aren azken bozketarako prest. Hainbat senatari errepublikanok iragarria zuten Trump errugabetzat jotzeko azken bozketa ahalik eta azkarrena egiten ahaleginduko zirela. Bozketa hori bart edo gaur egiteko asmoa iragarria zuten.

Ziurra da Senatuak errugabetzat joko duela Trump, errepublikanoek nahikoa baitituzte 34 boto kontrako epaia eragozteko, eta 53 ordezkari dituzte. Lamar Alexander senatari errepublikanoak atzo iragarri zuen lekukoak aurkeztearen kontra bozkatuko zuela. Hortaz, demokratei ihes egin zien gakoa liratekeen botoetako batek; Alexander da prozesua luzatzearen alde agertu ziren senatari errepublikano bakanetako bat.

Senatuak hiru egunez entzun ditu akusazioaren argudioak, eta beste hiru egunez defentsarenak. Alexanderren iritziz, ez dago ebidentzia gehiagoren beharrik frogatzeko Trumpek «AEBen laguntza eten» zuela Ukrainak Joe Biden demokrata eta haren seme Hunter iker zitzala behartzeko. Senatariaren esanetan, presidentearen jokabidea «desegokia» izan zen, baina ez da nahikoa Trump kargutik kentzeko. Haren etorkizun politikoa azaroaren 3ko presidentetzarako bozetan erabakitzearen alde agertu zen atzo.

Impeachment-ean lekuko gehiago ez dela izango aurreikusiz, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente demokratak Trumpen errugabetzearen kontra egin zuen. «Ezin zara errugabetzat joa izan epaiketa izan ez baduzu. Ez duzu epaiketarik izan lekukorik eta dokumentaziorik gabe», adierazi zuen Twitterren.

Boltonen lekukotza

Lekukotza posibleen artean, John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkulari ohiarenak eman du zeresan handiena. Boltonek liburu bat idatzi du, martxoan argitaratuko dena: kritiko agertuko da Trumpekin. Filtratutako pasarte batzuen arabera, Ukrainarentzako laguntza militarra etenda edukitzeko asmoa adierazi zion Trumpek. Demokratek uste dute lekukotza horrek akusazioa babesten duela. «Botereaz abusatzea» eta «ikerketa oztopatzea» egotzi diote Trumpi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.