Libia, existitzen ez den estatua

Estatu Islamikoari leialtasuna aitortu dioten milizien hedapenak ez du etenik Libian. Gobernu zentralik gabe eta gerra zibilean sartuta, jihadisten haztegi bilakatu da.

Tokiko milizietako kideak Tripolin. Gadaffi eroriz geroztik milaka talde armatu txiki sortu dira; asko elkarren aurkako lehian dabiltza. MOHAMMED AL-KILANI / EFE.
Ane irazabal
Kairo
2015eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Estatu Islamikoaren (EI) bandera Mediterraneoko kostan astintzen ikusi arte ez dira alarmak piztu. Egun batetik bestera, kalifa-herriaren jokaleku berri bihurtu da Libia. Hain zuzen, 21 egiptoar koptori burua mozten ageri diren bideoa zabalduta ere, nazioarteak ez du onartu libiarren artean bistakoa den errealitatea: Muammar Gaddafiren erregimena erorarazi zuen matxinadaren laugarren urtemugan deskonposizio prozesuan dago herrialdea.

Izan ere, Gaddafi hil eta NATOk Libia utzi zuenetik, inor ez da estatua berreraikitzeko gai izan. Politikoki banatuta eta kaosean murgilduta, Libiako bi gobernu paraleloek, nazioarteko erakunde politiko nagusiek (Arabiar Ligak, Europako Batasunak etaAEBek) onartzen duten Tobrukeko administrazioak eta Tripolin agintean dirauen gobernuak (2012an sortua), gero eta gehiago polarizatu dute egoera. Banaketa horren erdian, gainera, ehunka milizia armatu hasi dira haien artean borrokatzen eta aliatzen. Ziad Akl ikerlariak «gerra zibil ugari» daudela uste du: «Libian hainbat gatazka dituzte aldi berean. Ez da egokia Tripoliko islamisten eta Tobrukeko gobernu mendebaldartuaren arteko banaketa sinplista bat egitea».

Botere borroka horrek oztopatu egin du, agian, EIk Libian daukan benetako dimentsioa ikustea: «Bi gobernuak egoera berdintsuan daude, eta indar gehiago eskuratzeko nahiak aliantza bitxiak bultzatu ditu, adibidez, Fayer Libia (Libia Egunsentia) miliziaren eta Ansar al-Xaria talde armatuaren artekoa», adierazi du Aklek. Ikerlari egiptoarrak argi dauka egoera horretan ezinezkoa dela batasun nazionaleko gobernu bat sortzea.

Eta ika-mika horren erdian, EIri leialtasuna aitortu dioten hainbat taldek «kalifa-herriaren lehen probintzia» ezarri dute Dernan. «Wilayat Barqa edo Probintzia Zirenaikoa jihadismo berri horren gotorleku bilakatu da. Eremu hori kudeatzen duten taldeei egotzi behar zaizkie azken asteetako erasoak», nabarmendu du Aklek. Kaos horren guztiaren biktima zuzenak Libiako herritarrak dira; izan ere, 400.000 libiar inguruk beren etxetik alde egin behar izan dute, eta beste eremu batzuetan ezarri.

EIren hedapena

Abu Bakr Al-Bagdadiren Estatu Islamikoa Afrika iparraldera zabaltzen hasi dela uste du Amr Hisham Rabi politologo egiptoarrak: «Azken lau urtetan desegin egin dira nazio osoko erakunde libiar guztiak, eta botere hutsune horrek ateak ireki dizkio jihadismoari. Egun, zer da Libia? Hori da nazioarteak bere buruari egin beharko liokeen galdera».

Edonola ere, nolakoa da EIk Libian daukan benetako influentzia? Aklek uste du goizegi dela hori jakiteko: «Oraindik, ez dakigu zein den milizia libiar jihadisten eta Al-Bagdadik gidaturiko sistemaren arteko harremana. Baina EI-ri leialtasuna aitortzeko ez da asko behar. Nik uste dut lotura hori ideologikoa dela. Oraindik, ezin dugu lurralde anexio bati buruz hitz egin». Iritzi berekoa da Quilliam fundazioko Charli Winter ikerlaria: «EIk babes zabala dauka Libian, baina gehiegikeria bat iruditzen zait talde menderatzailea dela esatea. Finean, oso ondo dakite haien mehatxu maila puzten».

Nolanahi ere, milizia jihadistak gero eta antolatuago daudela uste dute bi adituek. Akleren aburuz, egitura sendoa eskuratzen hasi dira: «Sofistikazio maila ez da Sirian eta Iraken bezalakoa, ez propaganda kudeatzerakoan, ez eta ekipamendu militarrari dagokionez ere, baina argi utzi dute ez direla guxietsi behar». Hain zuzen, azken hilabeteetan finantzaketa iturri berriak aurkitu dituzte pertsonen trafikoa eta armen kontrabandoa kontrolatzen hasi direlako. Haatik, petrolioa ustiatzeko gune asko milizia jihadisten eskuetan daude. «Libian benetako borroka da nork kontrolatuko dituen petrolio azpiegiturak eta oliobideak», irizten dio Winterrek.

Egiptoren rola

Nazioarteko komunitatearen pasibotasuna ikusirik, Kairok eskualdeko rola sendotzeko aukera bat ikusi du Libian. Izan ere, EIren izenean hildako 21 kristau koptoen mendeku gisa Derna hiria bonbardatu arren, Egiptok erantzun gogorrago bat eskatu du. Abdel Fattah Al-Sisi presidenteak argi dauka beharrezkoa dela herrialde arabiarren arteko koalizio bat sortzea, eta «terrorismoaren kontrako unitate militar batua» hezurmamitzeko deia egin du.

Edonola ere, Egiptok ez du ofizialki Libian esku hartuko, aditu gehienen ustez. «Dernako jihadisten aurkako bonbardaketak ez dira gerra deklarazio bat izan, mezu bat baizik. Al-Sisik indar erakustaldi bat egin du Libian esku hartzeko gai dela erakusteko. Baina horrek ez du esan nahi fase berri baten sartu garenik», irizten dio Aklek. Izan ere, iragan astekoa ez da Egiptok Libian egindako lehen airezko erasoa. Iragan udan Tripoliko hainbat gune bonbardatu zituen (ofizialki baieztatu gabeko ekintzak izan arren).

Akleren arabera, arrazoi bakar batek bultzatuko luke Egipto aldebakarreko operazio militar bat hastera: segurtasun nazionalaren aurkako eraso batek. «Orain infiltrazio jihadisten arriskua bi aldetan dauka Egiptok. Batetik, ekialdean [Sinai penintsulan], eta, bestetik, mendebaldean [Libian]. Egiptoko armadak ezin ditu mugako txoko guztiak kontrolatu, baina egia da Sinain ez bezala, Libiaren eta Egiptoren arteko muga desertu laua dela eta jihadistentzat oso zaila da ezkutatzea».

Oraingoz, beraz, Al-Sisik ez du bere estrategia aldatzeko intentziorik. Egiptok Tobrukeko gobernuari zilegitasun osoa eskainiko dio, eta Libiakoarmada nazionala entrenatuko du aurrerantzean ere, baina operazio militar zuzenik hasi gabe. «Al-Sisik nahiago du ofentsiba diplomatikoaren bidea, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari presio egiten ari zaio Libiari ezarritako arma blokeoaamaitzeko», adierazi du Aklek.

Oraingoz, Kairok hartu ditu lehen neurriak. Terrorismoaren gaineko lege berri bat onartzeaz gain, Libiako hegazkin konpainiak estutu ditu Turkiara eta Jordaniara egiten dituzten bideetan Libia ekialdeko aireportuetan geldialdi bat egiteko. Egiptoko gobernuaren hitzetan, jihadisten joan-etorria kontrolatzea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.