Laboral Kutxak 50 milioi jarriko ditu ekonomia sozialeko enpresentzat

Esparru horretako 200 enpresa proiektu babestuko dituzte aurten Jaurlaritzaren laguntzek

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Europa osoan gizarte ekonomiako enpresetara espresuki bideratutako finantzaketa lerrorik garrantzitsuena: hala definitu zuenXabier Egibar Laboral Kutxako negozioaren garapeneko zuzendariak bere erakundeak sortutako funts berria. Ekonomia sozialean diharduten enpresen finantzaketa bermatzeko 50 milioi euroko lerro bat sortu du, Europako Inbertsio Funtsarekin batera. Hala, behar duten enpresei 500.000 euro arteko kredituak eskainiko dizkio kreditu kooperatibak, eta enpresa horiek ez dute hipotekarioak ez diren bermerik frogatu behar izango kreditu hori eskuratzeko.

Diru hori itzultzeko epea, gainera, hiru hilabetetik hamar urtera arte luzatuko dute. Kredituak ez dira izango enpresa handientzat, haiek errazagoa dutelako finantzaketa eskuratzea. Laboral Kutxak jarri duen baldintza da 30 milioi eurotik beherako fakturazioa duten enpresentzat izatea.

Mailegu ildo horri esker euskal gizarte «justu eta bateratuago» bat lortu ahal izateko proiektuak garatu ahalko direla azaldu zuenEgibarrek, atzo Bilbon egindako aurkezpenean.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian, ekonomia sozialeko 2.200 enpresa daude, eta horiei guztiei eskainiko die kreditu ildo berri hori, «Laboral Kutxako ohiko bezeroak izan ala ez». Eta zenbat lanpostu sortuko dituzten aurreikuspena ere egin du, oraindik zenbat enpresa inguratuko zaizkien ez badakite ere: kreditua eskatuko duen enpresa bakoitzak batez beste 50.000 euroko mailegua eskuratuko balu, 1.000 enpresa babestu eta 4.800 lanpostu sortu ahalko liratekeela azaldu zuen. Lanpostu berri horiek, gainera, aniztasun funtzionala dutenen eta bazterketa sozialaren mugan daudenen ehuneko bat hartuko dutela ere bermatu zuen Egibarrek.

Aurkezpenean izan zen Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburua ere. Proiektuaren garrantzia nabarmendu zuen: «Ekonomia soziala babesteko konpromisoa daukagu, eta, horretarako, proiektuak eta funtsen sorrera babesten dugu». Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak ere, ekonomia soziala bultzatzeko, lau milioi euroren laguntzak emango ditu aurten. 200 enpresa proiektulagunduko ditu, eta horiek guztiek 850 enplegu sortuko dituztela iragarri zuen San Josek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.