Trump: «Jerusalem Israelgo hiriburu ofizial aitortzeko garaia heldu da»

AEBen enbaxada hara lekualdatuko dutela iragarri du, eta oraindik ere Israel eta Palestinaren arteko bake akordioa babesten duela esan. Nazioarteko agintariek erabakia gaitzetsi dute

Igor Susaeta

2017ko abenduak 7
NBE Nazio Batuen Erakundeak 1947tik gaurdaino onartutako ebazpenen arabera, Jerusalem ez da Israelgo hiriburua. Horiek diote hiriaren mendebaldeko lurrak Israelenak direla eta ekialdekoak Palestinarenak, horiek Israelek okupatuak egonagatik 1967tik. Ebazpen horiek errespetatu izan dituzte nazioartean. Atzo arte. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidenteak lurrikara diplomatikoa eragin duen erabakiaren berri eman zuen: «Jerusalem Israelgo hiriburu ofizial aitortzeko garaia heldu da».

Palestinarrak sutu ditu horrek, Jerusalem beren hiriburutzat dute eta. Hamasek adierazi du «Palestinako herriari egindako eraso nabarmena» dela, eta datozen egunak «amorru» egunak izango direla. Etxe Zuriak duela bizpahiru egun filtratu zuen albistea AEBetako prentsan, eta, hortaz, iragarpen ofizialaren beraren aurretik, Hamasek hiru amorru egunera deitu zuen atzo. Dena den, Trumpek zera jakinarazi zuen: «Gauza bat argi utzi nahi dut. Honek ez du esan nahi uko egiten diegunik bakea ahalbidetzeko akordio ahaleginei». Hala, «bi estatuen irtenbidea» babesten du. Nazioarteko agintariek erabakia gaitzetsi dute, eta Trumpi leporatu diote horrek negoziazioak gaiztotu ditzakeela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, «esker ona» adierazi dio, «erabaki justu eta ausart bat» hartzeagatik.

Balio sinboliko handiko bi erabakiren berri eman zuen AEBetako presidenteak. Izan ere, jakinarazi zuen, gainera, AEBen enbaxada Tel Aviv Israelgo hiriburutik Jerusalemera lekualdatuko dutela. Horretarako, baina, bizpahiru urte beharko dituzte, logistika kontuak medio. Munduko estatu batek berak ere ez du enbaxadarik Jerusalemen. Trumpen esanetan, «bakeari egindako adierazpen bikaina» izango da enbaxada, eta gogorarazi zuen hala egingo dutela 1995ean AEBetako Kongresuak onartutako lege batek aginduta. Bide batez, belarrietatik tira egin zien aurrez AEBetako presidente izan zirenei: «Bi hamarkadaz atzeratu ondoren [legearen aplikazioa], ez gaude bake akordio iraunkor batetik gertuago».

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen iritziz, erabakiak nazioarteko akordio eta ebazpen guztiak urratzen ditu. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiarentzat, «palestinarren eta israeldarren bake aukerak» jar ditzake «arriskuan», eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari «zoritxarrekoa» iruditzen zaio Trumpen hautua. Egiptoko Atzerri Ministerioak «kezka» azaldu du, Ekialde Hurbilarentzat eduki ditzakeen «ondorioengatik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna