Kurduen miliziek Afrinerako bidea hartu dute EIren aurkako frontetik

Turkiak AEBei eskatu die «eragozteko» kurduen bidaia. NBEk Siriako «apokalipsia» salatu du

Iosu Alberdi.
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Gure herria, Afrin, gure lehentasuna da; nazioarteko koalizioak hartutako erabakiak baino garrantzitsuagoa da», adierazi zuen herenegun Abu Omar al-Idlebik, SDF Siriako Indar Demokratiko-ko bozeramaileak. Izan ere,EI Estatu Islamikoaren aurka borrokan ari diren kurduen miliziek —SDFren barruan— Afrinerako bidea hartu dute, Turkiak Kurdistango barrutia inbaditzeko martxan duen operazioari aurre egiteko. 1.700 soldadu inguruk utzi dute frontea, zeina Siria ekialdeko Deir ez Zor probintzian dagoen.

AEBetako Defentsa Departamenduak onartu du Turkiak urtarrilaren 20an hasitako erasoak eragina izan duela EIren aurkako borrokan, eta aliatu kurduak ahuldu dituela. Turkiako Gobernuak zuzenean jo du AEBen aurka, eta Recep Tayyip Erdogan presidentearen bozeramaileakAEBei eskatu die «eragozteko» miliziano kurduen bidaia; izan ere, AEBak dira SDF koalizioaren aliatu nagusia.

Turkiak «talde terroristatzat» ditu Herriaren Babes Unitatea (YPG) milizia kurduak, eta horien aurka egin beharra arrazoitu zuen, erasoa jotzeko. Halere, inbasioa ez zen hasi AEBen planak agerian geratu arte; Washingtonek 30.000 kideko armada bat osatu nahi zuela Siria iparraldean, horietatik gehienak kurduak.

Ghoutatik ezin atera

Siriako bigarren fronte nagusia Damaskotik gertu dago, Ghouta Ekialdean. Errusiak, Siriako Gobernuaren aliatu nagusiak, barrutitik irteteko korridore seguru bat ireki zuen duela hamar egun, baina SANA Siriako albiste agentzia ofizialak salatu du «Al-Nusra talde terroristak» zibilen irteera galarazi duela. Barrutian dauden gobernuaren aurkako taldeek ere ezezkoa eman diote eskaintzari: barrutitik irtetea euren familiekin eta armekin, immunitatearen truke.

Bien bitartean, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak Siriako herritarrak sufritzen ari diren «apokalipsia» salatu du, eta adierazi du gatazka Nazioarteko Giza Eskubideen Auzitegira eraman nahi duela. Bestalde, Segurtasun Kontseiluak otsailaren 24ko erabakia errespetatzeko eskatu zuen atzo, eta su-etena indarrean jartzeko.

Siriako gatazkako hiru eragile nagusietakoak ere biltzekoak dira, akordio bat lortu nahian. Apirilaren 4an bilduko dira, Istanbulen, Errusiako presidente Vladimir Putin, Irango Hassan Rohani eta Turkiako Erdogan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.