AEBen Siriako misioa «bukaera bizkor batera» ari da hurbiltzen

Turkiak, Errusiak eta Iranek Washington kritikatu dute, eta «pausoak» hitzartu dituzte Ankaran

mikel rodriguez
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«EI Estatu Islamikoa deuseztatzeko misioa bukaera bizkor batera ari da hurbiltzen Sirian, EI ia erabat suntsituta baitago. Estatu Batuok eta gure bazkideek konpromisoari eusten diogu EIk Sirian duen presentzia txikia desagerrarazteko». Etxe Zuriak ohar batean adierazi zuen hori atzo, The Washington Post egunkariak argitaratu ondoren Donald Trump AEBetako presidenteak Pentagonoari agindua eman diola Siriatik erretiratzea prestatzen hasteko. Hain zuzen, Turkiako, Errusiako eta Irango presidenteek AEBek Sirian erabili duten estrategia kritikatu zuten atzo, Ankaran egin zuten goi bileran. Hiru buruzagiek adierazpen bateratu bat egin zuten, eta neurri zehatzen berri eman ez bazuten ere, erran zuten diplomazia arloan elkarlanean jarraituko dutela «behin betiko su-eten bat» ezarri arte.

Trumpek azken egunotan jendaurrean adierazi du Siriatik erretiratu nahi dituela tropak, eta bukatutzat eman nahi duelaAEBek EIren aurka 2014an hasi zuten esku hartzea. The Washington Post-en arabera, ordea, Pentagonoko arduradunak ez daude erabaki horrekin ados. «Ez gara berehalakoan erretiratuko, baina presidenteak ez du luzera begirako konpromiso bat hartu nahi», adierazi zion atzo Reuters Etxe Zuriko iturri batek.

Kurduei mehatxua

Abagune adierazgarrian hasi da Trump etxeratzeaz mintzatzen, Sirian dituen aliaturik handienak, kurduen miliziak, Turkiaren inbasio mehatxupean daudenean. «Turkia ez da geldituko PKKren eta PYDren [Siriako kurduen alderdi nagusiaren] kontrolpean dauden eremu guztiak seguruak izan arte, Manbij barne», adierazi zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo Ankaran, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta Hassan Rohani Irangoarekin batera egin zuen agerraldian. Siriako kurduen Afrin barrutia inbaditzean bi herrialde horiek erakutsitako «elkartasuna» eskertu zuen Erdoganek. Hurrengo egunetarako «pausoak» hitzartu dituztela erran zuen, zeintzuk diren azaldu gabe. Rohanik, berriz, adierazi zuen ezin direla AEBen «solasez eta promesez fidatu». Putinek erran zuen Siria «zatitan» banatzeko plan bat dagoela, baina ez zuen erantzulerik aipatu. Hiru presidenteek iazko azaroan egin zuten Siriari buruzko lehenbiziko goi bilera, Sotxin (Errusia).
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.