Katalunia

Madril fiskaltza estutzen ari da Puigdemonti matxinada leporatzeko

Espainiako eta Schleswig-Holsteingo ministerio publikoak biltzekoak dira. Europako Batzordea: «Alemaniak arauen arabera jokatu du»

Carles Puigdemont, joan den larunbatean Berlinen. OMER MESSINGER / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Mikrofono bat ahoaren parean jartzen dioten aldiro, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea esan eta esan ari da kirol legez onartzen duela Schleswig-Holsteingo lurralde auzitegiaren (Alemania) erabakia. Zera errespetatzen duela: auzitegiak matxinada delitua ukatu ondoren, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia behin-behinean aske egotea. Baina, bestalde, Hagan (Herbehereak) biltzekoak dira Espainiako fiskaltzako ordezkariak eta Schleswig-Holsteingoak. Zenbait komunikabidek iturri judizialak aipatuz kaleratutakoaren arabera, gaur egingo dute bilera. Iturri horiek berek diotenez, Espainiako Fiskaltzak froga gehiago gehituko dizkio prozesu subiranistaren harira ezarritako euroaginduari, eta Alemaniako landerreko fiskaltzari helaraziko dizkio. Finean, bileraren helburua da Schleswig-Holsteingo fiskaltzak hango auzitegiari ikusaraztea Puigdemont espainiaratu egin behar dutela matxinada delituagatik. Eurojusten egoitzan dira bilera egitekoak, eta guztiz konfidentziala izango da. Europako Batasuneko estatuen arteko lankidetza judiziala indartzea da organo horren zeregina.

Pasa den ostiralean Puigdemont aske geratu eta gero, Espainiako Auzitegi Gorenak eta fiskaltzak EBko Justizia Auzitegira jotzeko asmoa zuten, han epaitu aurreko arazo bat aurkezteko. Pablo Llarena Goreneko magistratuak zera planteatu nahi zuen: ea erabaki hori hartu duten hiru epaile alemanek behar bezala interpretatu duten euroaginduaren arautegia. Dena den, bide hori baztertzea erabaki dute oraingoz.

Espainiako Estatuak fiskaltza estu hartzeko hautua egin du orain. Schleswig-Holsteingo auzitegiak hartutako erabakia ez da behin betikoa, eta oraindik ere Puigdemont espainiaratzeari buruzko ikustaldi bat egitekoak dira han, gehienez bi hilabeteren buruan.

Fiskaltzak uste duindarkeriazko ekintzak gertatu zirela irailaren 20an eta 21ean Generalitateko Ekonomia Kontseilaritzaren pareko elkarretaratzean eta urriaren 1eko erreferendumean. Ikustaldiaren egunean, Madrilek horren guztiaren berri ematen duten frogak aurkeztu nahi dizkio landerreko fiskaltzari. Izan ere, joan den astean lurralde auzitegiak kaleratutako ebazpenak dioenez, ez zuten indarkeria zantzurik ikusi aipatutako gertakarietan, eta, horregatik, ezin zaio matxinada egotzi Puigdemonti. Fiskaltzak uste du, baina, auzitegiak alferrikako lanak hartu dituela ebazpena egiten. «Llarenak deskribatutako ekintzak haien lurraldean tipifikatuta ote dauden ebaztera mugatu behar du Alemaniako auzitegiak. Hari ez dagokio instrukzio paralelo bat egitea», adierazi dio fiskaltzako kide batek El País egunkariari.

«Gogoeta sakon bat»

Bien bitartean, Europako Batzordeak Schleswig-Holsteingo auzitegiak hartutako erabakia babestu du. Vera Jourova justizia komisarioak atzo Bruselan emandako prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, «arauen arabera» jokatu du. «Ez da egon euroaginduaren aplikazio okerrik». Gainera, iragarri zuen Europako Batzordeak ez duela asmorik euroaginduak jasotzen dituen 32 delituen zerrenda handitzeko. «Espainiako kideekin horri buruz hitz egin izan dugu, baina ez diogu jarraitu». Izan ere, entregak automatikoki gertatzeko asmoarekin, Espainiako Gobernuak delituen zerrenda handitzeko eskatu izan du; hain zuzen, prozesu subiranistaren harira egotzitako delituak ez daude 32 horien artean.

Bestetik, bihar da egitekoa Jordi Sanchez (JxC) Generalitateko presidente inbestitzeko saioa, eta Llarena epaileak oraindik ez du argitu presidentegaiari baimena emango dion ala ez kartzelatik ateratzeko, bertara joan ahal izateko. Magistratuak ezezkoari eusten badio, «gogoeta sakon bat» egitea proposatu du Josep Costak, JxC Junts Per Catalunyako diputatu eta Parlamentuko Mahaiko lehen presidenteordeak. «Izan ere, nork esaten digu proposatzen dugun edozein hautagai ez dutenik kartzelara bidaliko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.