Kolesnikova 11 urteko espetxealdira zigortu du Minskeko auzitegi batek

Maxim Znak abokatuari hamar urteko kondena ezarri diote. Bielorrusian «boterea bereganatzeko» erakunde bat zuzentzea leporatu diete

Kolesnikova (aurrean) eta Znak (atzean), auzitegian. RAMIL NASIBULIN / BELTA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Minskeko auzitegi batek 11 urteko espetxe zigorra ezarri dio oposizioko buru Maria Kolesnikovari. Harekin batera, Maxim Znak abokatua ere kondenatu dute, hamar urteko kartzela zigorrera. Auzitegiak «boterea bereganatzeko muturreko erakunde bat» zuzentzea leporatu die. Duela urtebete inguru atxilotu zituzten biak, Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenkoren azken hauteskunde garaipenaren osteko protesten harira. EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuko Gobernuak gogor salatu dute ebazpena, «giza eskubideen aurkakotzat» jota.

Viasna erakundearen arabera, segurtasun nazionalaren aurkako ekintzak egitea, muturreko erakunde bat zuzentzea eta boterea konstituzioa errespetatu gabe hartzeko lan egitea leporatu diete. Izan ere, fiskaltzaren esanetan, Kolesnikovak eta Znakek, oposizioko beste hainbat kiderekin batera, Bielorrusiako agintea hartzeko «konspirazio sekretu bat» hasi zuten iazko uztailaren 16an. Znaken abokatu Yevgeni Piltxenkok, baina, «frogarik gabe» zigortu dituztela salatu du. Hala, kondenatuek helegitea aurkezteko aukera izango dute.

Biek lotura estua dute Viktor Babariko bankari eta presidentetzarako hautagai ohiarekin. Znak haren abokatua izan zen; Kolesnikova, berriz, politikariaren hauteskunde kanpainaren arduraduna. Babariko, ordea, iazko ekainean atxilotu eta espetxeratu zuten —hamalau urteko kartzela zigorra ezarri diote; besteak beste, eroskeria eta dirua zuritzea leporatuta—. Horren ostean, Kolesnikova eta Znak oposizioak eratutako Koordinazio Kontseiluko presidiumeko kide bihurtu ziren.

Erakunde haren helburua herrialdeko boterea «modu baketsuan» eskualdatzea da, eta iazko abuztuaren 9ko hauteskundeen osteko protesten bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Bozetan, Lukaxenkok botoen %80 bereganatu zituen, baina oposizioak eta EBk ez zuten onartu emaitza, argudiatuta iruzurra egon zela. Are gehiago, Europako Parlamentuak Sakharov saria eman zien oposizioko kideei, «eskubide politiko eta zibilen alde» egiteagatik.

Kolesnikova gobernuaren aurkako kide nagusietako bat da, Svetlana Tikhanovskaia presidentetzarako hautagaiarekin —botoen %10 jaso zituen— eta Veronika Tsepkalorekin batera. Haiek ez bezala, Kolesnikovak Bielorrusian geratzea erabaki zuen. Azaldu zuenez, pasaportea hautsi zuen autoritateek Ukrainarekiko mugara eraman zutenean.

Askatasun eskariak

Tikhanovskaiak Lituaniatik adierazi du «erregimenak» Kolesnikova eta Znak «indargabetu» nahi dituela, eta «ez beldurtzeko» eskatu die herritarrei: «Gure heroiak indartsu ikusten ditugu. Euren zigorrak amaitu baino askoz lehenago aterako dira». Hala exijitu dio Lukaxenkoren gobernuari bi kideak «berehala» askatzeko.

Gauza bera egin du EBk ere. Atzerri eta Segurtasun Politikarako Ordezkaritzak adierazi du Minsk «giza eskubideak eta Bielorrusiako herritarren oinarrizko askatasunak» urratzen ari dela, eta bi politikariak eta gainerako atxilotuak askatzeko eskatu du. Viasna erakundearen arabera, 650 baino gehiago dira espetxeratutako oposizioko kideak.

«Bielorrusiak ESLArekin [Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea] eta NBErekin [Nazio Batuen Erakundea] adostutako konpromisoak eta betebeharrak konplitu behar ditu», adierazi du EBk. Hala, Bruselak azaldu du lanean jarraituko duela «Bielorrusiako autoritateen errepresio bortitzak» ordaina izan dezan.

Azken hilabeteetan, Europako Batasunak hainbat zigor ekonomiko ezarri dizkio Lukaxenkoren gobernuari, argudiatuta hark «giza eskubideak sistematikoki urratu» dituela. Hala nola oposizioko kideen aurkako zigorrek eta Roman Protasevitx kazetariaren atxiloketak —Bielorrusiak «terroristatzat» dauka— Bruselaren jomugan jarri dute Minsk, EBko diplomaziaburu Josep Borrellek Lukaxenkori «elkarrizketa nazional inklusibo bat» susta zezala eskatzeraino.

Bi aldeen arteko liskarrak are gehiago gaiztotu dira aurtengo udan. Zigor ekonomikoei erantzunez, Minskek EBrekin dituen mugetarantz joateko bidea libre utzi die, besteak beste, Afganistandik, Iraketik eta Saheldik iritsitako migratzaileei. Hori ikusita, Lituaniak, Letoniak eta Poloniak gogortu egin dituzte neurriak. Azken horrek larrialdi egoera ezarri zuen aurreko astean. «Azken 30 urteetan Bielorrusiarekiko mugan izan dugun egoerarik tirabiratsuena da», azaldu du Mateusz Morawiecki lehen ministroak.

Auzitegiaren ebazpenaren aurka agertu direnen zerrendan daude Erresuma Batuko Gobernua eta AI Amnesty International erakundea ere. Londresek demokraziaren aurkako erasotzat jo du, eta Lukaxenkori adierazi dio oposizioko kideen espetxeratzeak egoera okertu besterik ez duela egingo. Gobernuz kanpoko erakundeak, berriz, argudiatu du «adierazpen askatasunarentzat hondamendi bat» dela. «Giza eskubideak baliatzeagatik atxilotutako ehunka herritarrak berehala askatzeko eskatzen dugu», azaldu du AIko Europa ekialderako zuzendari Bruce Millarrek. Era berean, nazioarteari eskatu dio esku hartzeko, Lukaxenkoren «jazarpenari» amaiera eman diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.