Sturgeonek asteazkenean eskatuko du galdeketa negoziatzeko baimena

Eskoziako Parlamentuak gaur bozkatuko du Erresuma Batutik ateratzeko egutegi proposamena

ander perez zala
2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak datorren asteazkenean eskatuko dio Eskoziako Parlamentuari bigarren independentzia galdeketa negoziatzeko baimena. Hori egin baino lehen, diputatuek gaur bozkatuko duteegutegia. Sturgeonek herenegun iragarri zuen Erresuma Batuarekin bigarren erreferenduma adosteko baimena eskatuko duela, eta, haren ustetan, Holyroodek zehaztu beharko ditu «erritmoa, galdera eta sufragioa», The Guardian-ek eta Press Associationek zabaldu dutenez.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, ordea, ohartarazi dio ez dela «zatiketarik egiteko unea». Baina baldintzak guztiz aldatu dira, ekaineko erreferendumean brexit-ak irabazi zuenez geroztik: «Eskoziarrak elkartu dituzu zure aurka», adierazi zion Mayri Alex Salmond SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistaren diputatuak. Erresuma Batuko lehen ministroaren ustetan, eskoziarren gehiengoak ez du independentziarik nahi, eta hala jakinarazi zion atzo Salmondi Komunen Ganberan. Ez zuen zehaztu bigarren erreferenduma egiteko eskaerari erantzungo ote dion, SNPko diputatu Ian Blackfordek eta Peter Grantek bitan galdetu zioten arren. Mayk gogorarazi zituen Salmondek Eskoziako lehen ministro zenean esandako hitzak: «Bizian behin izango duten aukera izan da». 2018ko udazkenaren eta 2019ko udaberriaren artean egin nahi dute bigarren independentzia galdeketa.

Data hori apropos hautatu du Sturgeonek. Hilabete bukaeran aktibatuko du Mayk Lisboako Ituneko 50. artikulua, bi urte iraungo duten negoziazioak abiatzeko. Alegia, EB Europako Batasunetik ateratzearen ondorioak jakinak izango direnean egin nahi du galdeketa Sturgeonek.

'Brexit'-a eta Europa

Erresuma Batuan bizi diren EBko herritarren eskubideen auzia «azkar» konpondu nahi du Mayk, baita EBn bizi diren Erresuma Batuko herritarrena ere.

Merkatuari begira, Eskoziako diputatuei mintzatu zen bereziki: «Eskoziarentzat, merkatu bakar onena Erresuma Batua da. Zuen kezkak ere entzuten ari naiz». Diputatuek hainbat xehetasun eskatu zizkioten, esaterako EB akordiorik gabe uzteak izango dituen ondorioei buruz. Mayk ez zuen erantzun argirik eman, eta EBrekin harreman «ona» nahi duela adierazi zuen soilik: «Ez da dibortzioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.