Poliziak dio diru publikotik 1,9 milioi euro erabili zirela erreferendumerako

PPren eta Ciudadanosen arteko ika-mikak areagotu ditu galdeketaren finantzaketaren auziak

Igor Susaeta -

2018ko apirilak 20
Espainiako botere judiziala eta exekutiboa muturtuta daude. Kataluniako prozesu subiranistaren harirako auzian diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzen die Auzitegi Gorenak urriaren 1eko erreferenduma hauspotu zuten buruzagiei. Horretarako, baina, diru publikorik ez zutela erabili nabarmendu zuen Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak, joan den astelehenean. Espainiako Gobernuak tesi horri eusten dio, eta Montorok berak esan duen arren delitu hori egotz diezaioketela espazio publiko bat ekintza politiko «ilegal» batentzako irekitzen duenari, Pablo Llarena magistratuak egindako instrukzioa kolokan jarri du. Instrukzio osoan ezbaian dago Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak erabaki zuenetik Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua aske uztea, iritzita ez duela matxinada delitua aplikatzeko zantzurik ikusten.

Hain zuzen, sumario sekretupetik atera dute diru publikoaren erabilera bidegabeari buruzko ikerketa, eta Guardia Zibilaren txosten batek dionez, prozesu subiranista aurrera eramateko diru publikoko 1,9 milioi euro erabili zituen Generalitateak. Poliziak orain arte esaten zuenez, 1,6 milioi erabili zituzten agintari subiranistek. Poliziak «susmatzen» du JxS Junts Pel Siri emandako diru laguntzekin finantzatu zutela galdeketaren antolaketa.

Kopuru horiek eta Montorok esandakoek Espainiako Gobernuaren eta Ciudadanosen arteko ika-mikak areagotu dituzte. Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak atzo adierazi zuenez, frogatzen baldin badute diru publikoa erabili zutela galdeketa finantzatzeko, Montorok dimititu egin beharko luke. Ciutadanseko buru Ines Arrimadasek eskatu dio Ogasun ministroari azalpenak eman ditzala Espainiako Kongresuan.

Vox da herri akusazioa prozesu subiranistaren kontrako kausan, eta Espainiako alderdi ultraeskuindarra aztertzen ari da Llarenari eskatzea Montorok lekuko gisa deklaratu dezala. Llarenak berak herenegun eskatu zion Ogasun ministroari erakuts ditzala, «ahalik eta azkarrena», bere adierazpenak sostengatzeko frogak.

Kontuak kontrolpean

Espainiako Gobernuak uztailaren 21ean erabaki zuen Generalitatearen gastuak kontrolatzen hastea, eta kontuen behin betiko kontrola irailaren 20an hartu zuen: konstituzioaren 155. artikulua ezarri baino hilabete lehenago, alegia.