Froome, munduaren aurka

Italiako Giroa gaur hasiko da, Jerusalemen, eta britainiarrak Giroa eta Frantziako Tourra irabazteko helburua hartu du aurten. Ibilbidea ez da bereziki gogorra. Bost euskal herritar bakarrik ariko dira

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Chris Froomek (Sky) erronka handia jarri dio bere buruari aurten. Britainiarrak Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean parte hartuko du, eta bietan irabazteko asmoz ariko da. Azken urteetan hainbat saiatu dira urteko lehen bi itzuli handiak irabazten, baina kale egin dute. 1998an Marco Pantanik lortu zuenetik, inork ez du berdindu Ceccenatiko fenomenoaren balentria. Norbait hura berdintzeko kapaz bada, baina, hori Froome da. Iaz Tourra eta Espainiako Vuelta irabazi zituen, eta behin baino gehiagotan igo da bi itzuli handiko podiumera urte berean.

Froomeren hordagoak, baina, zeresan handia eman du azken hilabeteetan. Batetik, balizko zigorraren zain dagoelako. Iazko Vueltako dopin kontrol batean, onarturiko salbutamol tasa baino handiagoa eman zuen, eta Froomek auzibidea abian jarri zuen tasa hori azal zezakeela argudiatuz. UCIren esku dago zigorra jartzea, hura ari baita kasua aztertzen, eta, bitartean, Froomek lehiatzen jarraitzea erabaki du. Luze doa ebazpenaren deliberazioa, abenduan jakin baitzen legez kanpoko salbutamol tasa eman zuela. Giroa hastear dago, eta ez da iritsi. Halere, ziurtzat jotzen da Tourrerako egongo dela. Bestetik, Froome Girora eraman duten arrazoiak daude. Britainiarrak 2009an hartu zuen parte azkenekoz, eta 36. postuan bukatu, eta hartaz geroztik ez du parte hartu. De Telegraaf Herbehereetako egunkariak zabaldu duenez, Giroaren antolatzaileek, babesleren baten bitartez, 1,4 milioi euro eskaini dizkiote Sky taldeari Froomek aurten parte har dezan.

Dirutza da, baina Giroan, aurten, dirua ez da arazo. Izan ere, ibilbidea Jerusalemen hasiko da, eta Israelen barrena jokatuko dira lehen hiru etapak, eta herrialdeko turismo ministerioarekin sinaturiko akordio oparoak gastu guztiak estaltzen ditu. Israelen argitaratu dutenez, hamabi milioi euro inguru izan daitezke, eta horietatik lau irabazi garbiak lirateke RCS Giroa antolatzen zuen enpresarentzat. Israelek bere irudia munduan zehar zabaldu nahi du, eta, beste hainbat estaturen antzera, kirol profesionala erakusleiho egokia iruditu zaio. Halere, arrazoi geopolitikoengatik, asko kostatzen zaio mundu mailako kirol ekitaldiak erakartzea. Giroa, baina, zabaltze aro batean dago, 2010az geroztik, aurtengoa da Italiatik kanpo hasten den bosgarren aldia. Hiru etapatan, tropelak Israelgo kokagune turistiko garrantzitsuenak gurutzatuko ditu.

Froome, dena den, ez da bakarrik ariko, Giroak parte hartzaile zerrenda bikaina osatu baitu. Zalea Froomeren eta Tom Dumoulin (Sunweb) iazko irabazlearen arteko duelua ikusteko irrikan dago, eta Tourrean izango zela espero zenean, Giroak aurrea hartu dio. Dumoulini, izan ere, asko gustatu zaio ibilbidea. Menditsua da, baina ez beste urte batzuetan bezain gogorra, eta bi erlojupeko ditu.

Buruz buruko lehia horrek bereganatuko du ia arreta guztia, baina ez dira faltako haiek estu hartzeko hautagairik. Faborito zerrendan hirugarrena Fabio Aru da (UAE). Azken bi urteetan ez du parte hartu, eta bigarren eta hirugarren izan ondoren, Girora itzuliko da. Miguel Angel Lopez (Astana) kolonbiarra sasoi bikainean iritsi da, eta Esteban Chaves (Mitchelton) Giroan bigarren izandakoa da. Chavesek urte oso gogorra izan zuen iaz lesioen erruz. Thibaut Pinot (FDJ) iaz laugarren izan zen, eta aurki bukatuko zaio kontratua taldearekin.

Nieve «askearen» zain

Euskal herritarrei dagokienez, bost izango dira, iaz baino bi gutxiago: Pello Bilbao (Astana), Victor de la Parte (Movistar), Markel Irizar (Trek), Igor Anton (Dimension Data) eta Mikel Nieve (Mitchelton). Nievek lehen itzuli handia du talde berriarekin, baina hilabeteak egon da geldirik lesio baten erruz. Etapa ehizan ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.