EBk eta Iranek akordio nuklearrari eusteko asmoa agertu diote elkarri

Mogherinik aitortu du «zaila» izango dela itunari eustea, horretarako ahalegintzen ari badira ere

Erredakzioa -

2018ko maiatzak 16
Europako Batasunak eta Iranek eskaera bera egin diote elkarri: itun nuklearrari nola edo hala eusteko. Bruselak, zehazki, akordioa betetzen jarraitzeko eskatu dio Teherani; hark itunaren ondorioak bermatzeko galdegin dio EBri. Federica Mogherini EBko diplomazia buruak, hala ere, itunari eustea «zaila» izango dela adierazi zuen: «Ez gara inozoak». Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroarekin elkartu ostean egin zituen adierazpenok. Europako enpresek herrialde horretan dituzten inbertsioak babestea da haren lehentasuna, eta, adierazi zuenez, lanean ari dira ituna babesteko. Zarifek, aldiz, bilera «eraikitzailea» izan zela adierazi zuen: «Iranen eskubideak bermatu beharko lirateke».

Donald Trumpek aurreko astean hartutako erabakiaren argitan ulertu behar da atzoko bien arteko hartu-emana. Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak lurrikara politiko bat eragin zuen joan den maiatzaren 8an, nazioarteko potentziek sinatutako akordiotik aterako zela iragarri zuenean. Washingtonek utzitako zuloak itunean eraginik izan ez dezan saiatzen ari dira orain Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Errusia eta Txina. EB ere, 2015eko uztailean adostutako itunaren bermatzaile den heinean, ari da ahalegin horretan ekarpena egiten.

Trumpen zigorrak

Iranek uranioa aberasteko mugak onartzea, eta , hortaz, energia nuklearra soilik erabilera zibilerako garatzea onartu zuen ituna sinatzean, baita nazioarteko ikuskatzaileak herrialdean sartzea ere. Bonba atomikoa egiteko bidea trabatuta, nazioarteak herrialdeari ezarritako zigorrak arintzea eta pixkanaka kentzea erabaki zuen trukean. Trumpek, baina, esan zuen zigor ekonomikoak berrezartzeko asmoa ere bazuela, eta hitza bete du iragarpena egin eta astebetera. Atzo, AEBetako Altxor Departamentuak zigorrak ezarri zizkion Irango Banku Zentraleko gobernadoreari. Valiollah Seifi leporatu dio milioika dolar bideratzea «ezkutuan» Hezbollah talde islamistari. AEBek talde terroristen zerrendan daukate Hezbollah.

Errusiak, bien bitartean, salatu du ituna sinatu zuten potentziak presioak jasaten ari direla herrialdearekin dituzten merkataritza akordioak mugatzeko. Moskuk jakinarazi du Washingtonek ultimatuma ezarri duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna