Zimbabwen mugimenduak hasi dituzte Mugabe ordezkatzeko

Hegoafrikak ordezkaritza bat bidali du Hararera, presidentearekin eta matxinoekin negoziatzeko

Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Zimbabwek armadaren esku jarraitu zuen atzo, eta Robert Mugabe presidenteak eta Grace Mugabe emazteak etxean atxilotuta. Grace Mugabe eta Emmerson Mnangagwa presidenteorde ohiaren arteko botere borroka dago militarren matxinadaren atzean, Hegoafrikako SABC katearen arabera. Mugaberen 30 urteko presidentetzaren oinordeko izateko bi hautagai nagusiak dira Mnangagwa eta Grace Mugabe.

Militarrek herenegun azaldu zuten «misioa» amaitu bezain laster egoera normaltasunera itzuliko dela. Gobernuko ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoaren Erresuma Batuko ordezkari Nick Mangwanak BBCri adierazi dio Mugabek abendura arte iraun lezakeela boterean, alderdiaren kongresuan Mnangagwa lider izendatu arte. Mugabek, ordea, agintaldia amaitzeko asmoa adierazi du, 2018ko hauteskundeetara arte.

Horrek Mnangagwak zuzendutako trantsiziorako koalizio gobernu bat ekar lezake, eta oposizioa mugitzen hasi da. MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduak esan du trantsizio gobernu batean sartzeko prest egongo litzatekeela. Alderdiko lider eta lehen ministro ohi Morgan Tsvangirai herrialdera itzuli da, bi hilabete atzerrian igaro ostean minbizia tratatzen. Tendai Biti Ekonomia ministro ohia ere prest dago koalizio gobernuan parte hartzeko, Tsvangirai horren parte bada. Bestalde, Joice Mujuru presidenteorde ohiak esan du 2018ko hauteskundeetara aurkeztuko dela PRC Ostadarra Herri Koalizioarekin.

Nazioartean, Hegoafrikak Mugaberekin negoziatzeko talde bat bidali du Hararera, SADC Afrika Hegoaldeko Garapenerako Elkartearen izenean. Jacob Zuma presidenteak azaldu zuen «goiz» dela ondorioak ateratzeko, eta SADCren premiazko bilerara deitu zuen atzo.

Matxinadaren arrazoi nagusia Mnangagwaren kargugabetzea izan da. Duela astebete kendu zuen presidenteak postutik, ustez Grace Mugabek zuzendutako fakzioak bultzatuta. Fakzio horrek gutxiengo zuriaren erregimenaren aurkako gerrako beteranoak goi karguetatik kentzea izango luke helburu.

Militarrek azaldu zuten gerrako beteranoen aurka gertatzen ari den purga horri erantzuteko matxinatu direla. Horregatik atxilotu dituzte Grace Mugaberen aldeko kide ugari, tartean hiru ministro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.