Mikel Orbañanos. Hondarribiako entrenatzailea

«Talde lehiakorra izan gara udan; pozik gaude»

Garaipenaren gozoa dastatu du sarri aurten Mikel Orbañanos Hondarribiako entrenatzaileak, Eusko Label ligako sei bandera irabazi baititu bere taldeak. Baina gazi-garratza ere bai, ligako lehian eta Kontxakoan kale txarrenek zigortu eta gero.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Denboraldia bukatu izanaren lasaitasuna du, batetik, Mikel Orbañanosek (Orio, Gipuzkoa, 1973), Hondarribiako entrenatzaileak. Lan ona egin izanaren poza ere bai, prestakuntza ondo bideratzeagatik; eta, nola ez, Eusko Label ligan irabazitako sei banderengatik ere bai. Tristura edo amorrazio pixka bat ere badu, baina: Kontxako bigarren egunean eta Eusko Label ligako azken estropadan, kale txarrena tokatu izanak galarazi zion lehian jarraitzea. Hori dena barneratzen dabil entrenatzailea orain.

Garaipenaren gozoa dastatu du Hondarribiak, baina estropada handienak eta liga ez irabazi izanaren gazia ere bai. Zein da zure pentsamendua oraintxe?

Helburu moduan zehaztu genuen denboraldi hasieran liga eta Kontxa irabazteko lehian izatea iaz bezala, badugulako taldea horretarako, eta bete dugu asmo hori, borrokan ibili garelako. Ligan, azken estropada arte aukerekin iritsi gara, eta Kontxan ere bizirik heldu ginen bigarren igandera. Gero, falta izan zaigu zorte puntu hori ligan eta Kontxan garaile izateko. Kale zozketan alde izan bagenu zortea Donostiako bigarren igandean eta aurreko jaian Portugaleten, beste zerbaiten inguruan ariko ginateke hizketan orain; baina nola ez dagoen gure esku... Zapore gazia eta gozoa izan dugu horregatik guztiagatik.

Garaipen handirik ez, baina sei bandera irabazi dituzue ligan. Balioa eman behar zaio horri ere, ezta?

Hori da. Gainera, oso kontuan eduki behar da zein den gure filosofia, eta nola lehiatzen garen; batez beste, harrobiko arraunlari asko atera ditugu estropada bakoitzeko. Arraun elkartearentzat, eta niretzat entrenatzaile moduan, gauza handia da hori.

Zorte txarra ezin paretik kendu ibiltzea gogorra da?

Bai, baina guk gure esku zegoena oso ondo egin dugu, eta kanpoko eragileek ez digute lagundu. Disgustua hartzen da, jakina, baina lana ondo egin izanaren poza ere badaukagu.

Bidea eta lana, batetik, eta emaitzak egun handietan, bestetik. Bidearena nola baloratzen duzu?

Oso ona izan da. Oso pozik gaude horrekin, eta ondo gordeko dugu egindako hori guztia. Taldean oso giro ona izan dugu,eta hori ere kontuan hartzekoa da.

Prestakuntza atzeratu egin duzu aurten, iraila aldera bete-betean egoteko. Probatu duzu hori ere, eta berriz egiteko moduan?

Ondo atera zaigu prestakuntzarena. Iaz, adibidez, oso ondo hasi ginen, baina aurten bukaeran ere ondo egon nahi genuen. Ikusi dugu udan ondo gindoazela lanean, eta, horri helduz, bukaerara ondo iritsi gara. Bermeon erakutsi genuen larunbatean oso ondo egiten dugula arraunean, eta horrek lagundu zigun bandera irabazten.

Irabazleekin geratzeko joera izaten da, eta 2017tik gogoratuko da Urdaibaik irabazi duela liga, eta Oriok Kontxa. Baina Hondarribiak Zarauzko bigarren egunean egindako estropada handia ere hor dago, adibidez.

Bai, hala da. Lehen egunean beste kale batetik joan izan bagina aukera gehiagorekin helduko ginen bigarren igandera, Zarautzen laugarren kaletik joatea erabat kaltegarria izan delako aurten. Kaleen kontuan, Zarauzkoan, Kontxako bigarren jardunaldian eta aurreko igandean Portugaleten izan dira oso kale txarrak, eta hiruretan guri tokatu zaizkigu kale txar horiek: Zarauzko laugarrena, eta Donostiako eta Portugaleteko lehen kaleak.

Kirol guztietan du eragina zorteak, baina arraunean gehiago, natura eragile funtsezkoa delako?

Bere eragina dauka kale zozketak, itsaso zabalean jokatzen delako. Itsasoko estropadak jokatu baino lehen, askotan ez dugu jakiten zein kale den ona eta zein txarra, baina, jokatu eta gero, analisi zehatza egiteko gai izaten naiz. Dena ez da kalearena, hala ere, hori garbi utzi nahi dut, kaleari etekina ateratzen jakin egin behar delako, eta hori talde bakoitzaren egunaren araberakoa ere izaten da.

Ez duzue txapelketarik irabazi. Zein da zure hausnarketa horren inguruan?

Ez dugu irabazi, baina beti ibili izan gara lehian, garaipeneko borrokan, eta guretzat bada irabaztearen parekoa horrela ibili izana. Oso pozik gaude egindako lanarekin. Talde lehiakorra izan gara uda osoan, eta gustura gaude.

Inoizko liga berdinduena izan da?

Bai, eta horrek esan nahi du hiru talde handi ibili garela lehian. Baina agian falta izan da laugarren bat lehian, nahiz eta guretzat kaltegarria izan zitekeen laugarren bat indartsu azaltzea, hiru aurrenen artean sartuko litzatekeelako agian. Estropada berdinduak ikusi ditugu ia denak, eta, horretan, liga honetako talde eta arraunlari guztiek dute meritua.

Halako lehiaren ondorioz, hiruretako bakoitzari etengabeko hobekuntzan ibiltzea ekarriko zizuen, ezta?

Bai, hala da, eta ikusleentzat ere aukera ederra izan da estropada eder askoak ikusteko.

Urdaibai, Orio eta zuen arteko lehiaren ondorioz, oso-oso azkar ibili zarete hiru taldeok?

Mugarria izan zen Boiroko estropada, ligakoa, Kontxaren atarikoa. Marka egiteko giroa harrapatu genuen, eta 19.03 egin zuen Urdaibaik, eta guk 19.13. Orduan esan genuen oso azkar genbiltzala taldeak. Eremuak oso ondo neurtuta daude egun, eta baldintza on haietan marka haiek eginda pentsatu genuen gutakoren bat Kontxan marka hor nonbait ibiliko zela baldintzek lagunduz gero. Eta begira, bete egin zen aurreikuspena, Urdaibaik marka berria ezarri zuelako lehen egunean, eta guk ere ondu egin genuelako aurreko marka, harrobiko hamar arraunlarirekin. Asko pozten gaitu hala gertatu izanak, abiadura horretan ibili ahal izateko traineruak gauzak oso ondo egin behar direlako. Oso azkar ibili garen seinale dira marka horiek denak.

Oraintxe, zer daukazu buruan?

Oraingoz, aurtengoa aztertzen ari naiz, balorazioa egiten nabil gure lanaz. Pixka bat lasai hartzeko garaia da orain, eta arraunlariek ere nahi izaten dute garai hau lasai egoteko. Arrauna ahazteko unea da orain.

Arraunlariei galdezka hastea izaten da garairik txarrena?

Klub honen filosofiaren barruan, arraunlariei eskaintzeko dugun gauza bakarra da gustura egongo direla, eta talde lehiakorra izango garela. Kanpotik deitzen digutenei ez diegu atea ixten, baina lehentasuna aurreko urtekoei ematen diegu, eta, uzten dutenen arabera, ateak irekitzen dizkiegu deitzen digutenei. Zerbait eskaintzeko izango bagenu, dirua edo beste zerbait, gehiago mugituko ginateke, baina gure filosofia ez da hori, eta, alde horretatik, sekulako meritua daukagu Hondarribian, hainbeste urtean hor goian ibiltzeagatik beste era bateko taldeen aurka. Eta garbi utzi nahi dut ez naizela ari beste talde horien filosofia edo jardunbidea kritikatu nahian, ezta gutxiago ere. Bakoitzak aukeratzen du bere bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.