Saad Hariri Libanora itzuli da, eta bertan behera utzi du bere dimisioa

Lehen ministroak adierazi du Libanok «inguruko ika-miketatik» banandu egin behar duela

Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Libanoko lehen ministro Saad Haririk bere karguan jarraituko du oraingoz, Michel Aoun presidenteak eskatuta. Hariri herenegun itzuli zen Libanora, lehen aldiz Saudi Arabian zela dimisio eman zuenetik, azaroaren 4an.

«Nire dimisioa aurkeztu diot presidenteari, eta hark itxaroteko eskatu dit, erabakiaren arrazoiak eta ondorioak aztertzeko», azaldu zuen Haririk atzo, Aoun presidentearekin eta Nabih Berri parlamentuko presidentearekin eginiko bileraren ostean. Haririk Aounen eskaera onartu zuen, eta adierazi estatuko barne gatazkaren konponbiderako elkarrizketak abiatzeko nahia.

Bilera Libanoren independentziaren 74. urteurrena ospatzeko desfile militarrean ondoren egin zuten; han ikusi ziren lehen aldiz Aoun eta Hariri.

Haririk eskerrak eman zizkien «euren maitasuna» adierazi dioten herritarrei: «Guztion elkarlanarekin Libano babestu ahal izango dugu».

Lehen ministroak ukatu egin zuen bere dimisioa Saudi Arabiak behartutakoa izan zela, eta azaldu zuen Libanok estatu barruko politikan zentratu behar duela. «Kanpoko gerretatik eta inguruko [Ekialde Hurbila] ika-miketatik banandu behar dugu», gehitu zuen, ustez Hezbollahek inguruko herrialdeetan aurrera daramatzan ekintzei erreferentzia eginez. Era horretan, bere karguan jarraitzeko aukera mahai gainean jarri du, Iranen babesa duen erakunde xiitak Ekialde Hurbileko gatazketan parte hartzeari uko egiten badio.

Hassan Nasrallah Hezbollaheko buruak, berriz, astelehenean adierazi zuen lehen ministroarekin elkarrizketatzeko aukera irekia mantentzen dutela.

Hezbollah elkarlanean aritu da Irakeko eta Siriako Gobernuekin EI Estatu Islamikoaren aurkako gerran. Halere, erakunde xiitak ukatu egin du Yemengo milizia huthiei laguntza eman izana. Saudi Arabiak, berriz, Iran eta Hezbollah akusatu ditu huthiei armak emateaz Riad erasotzeko asmoz.

Libano, bitan zatitua

Saudi Arabiaren eta Iranen arteko gatazkak bete-betean jo du Libano. Estatuko alderdi politikoak bi fakzio nagusitan banatuta daude. Alde batetik, Etorkizuna Mugimendua dago —Haririren alderdia—, Saudi Arabiaren aldekoa eta Iranen aurkakoa. Bestetik, Hezbollah erakundea dago, Iranen babesarekin eta Saudi Arabiaren aurkakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.