Macronek uko egin dio Bretainian aireportu bat egiteko asmo polemikoari

BBGaren erresistentzian aritu diren ekintzaileen borrokaren garaipena da erabakia. Udaberrirako eremua hustu ezean, kanporatu egingo dituzte

Kristina Berasain Tristan.
2018ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Erresistentziaren garaipena izan da. Desobedientzia zibilarena. Ekintzaileena; tokiko laborariena, ekologistena, okupatzaileena, nazioarteko mugimenduen kideena... Emmanuel Macron Frantziako presidenteak uko egin dio Bretainiako Notre Dame-des-Landesen aireportu bat egiteari. BBG babestu beharreko gune izendatu zuten eremua ekintzaileek, lurra okupatuz, eta, sektore ugari bateratu dituen mugimendu horri esker, bertan behera geratu da egitasmo polemikoa.

Edouard Philippe lehen ministroak eman du erabakiaren berri, eta zehaztu du «berebizikoa» dela, ezen presidenteak kanpainan egindako promesetako bat izan zen 2016an egindako erreferendumaren emaitza errespetatzea; biztanleen %55k babestu zuten proiektua.

Macronek, behin agintean, txosten bat agindu zuen, eta, antza, ikerketa horren ostean erabaki du egitasmoari uko egitea: Naonedeko aireportua zabaltzearen alde egingo dute —Naonedetik 20 bat kilometrora dago BBGa—.

Garaipena itzela da, aintzat hartuta borroka horrek 40 urte dituela. Frantziak 1970eko hamarkadaren erdialdean jakinarazi zuen asmoa zuela 2.000 hektareako eremu hartan aireportu bat eraikitzeko. Nekazariek, baina, protestari ekin zioten, eta, gerora, 2009tik apalago, eta 2012tik sendoago, erresistentzia mugimendu zabal baten babesa jaso zuten. Gaur egun, 300 bat ekintzaile bizi dira han, eta garaipena ospatu badute ere, badute zertaz kezkatu: udaberrirako hustu beharko dute eremua, bestela kanporatu egingo dituztela iragarri baitu Parisek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.