Skripal pozoitzeko gaia Londresek errandakoa dela berretsi du OPCWk

Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak ez dio inori egotzi pozoiketa, eta bilera bat eginen du

Mikel Rodriguez -

2018ko apirilak 13
OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak Sergei Skripal Errusiako espioi ohiaren eta haren alaba Juliaren pozoiketa kasuari buruzko ohar bat argitaratu zuen atzo. OPCWk adierazi du egin dituen ikerketek «berretsi» egin dutela «Salisburyn erabili zen kimiko toxikoaren identitateari buruz Erresuma Batuak errandakoa». Londresko gobernuaren arabera, Novichok motako agente nerbioso bat erabili zuen Errusiak Skripali erasotzeko. OPCWk ez du substantziaren izena aipatu oharrean, eta ez dio aipamenik egin ez Errusiari, ezta ustezko erasotzaileren bati ere. Ikerketa osoa ez du argitaratu, eta, Erresuma Batuak deituta, OPCWk heldu den asteazkenean premiazko bilera bat eginen du erakundearen kide diren estatuei ondorio guztiak azaltzeko.

Txostena argitaratu ondoren, Erresuma Batuak bilera batera deitu zuen atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua ere. Aste honen bukaeran edo datorren astean eginen dute bilkura hori. Boris Johnson Atzerri ministroaren ustez, OPCWk argitaratutakoak ez du «zalantzarik ere» uzten. «Ez dago alternatibarik errateko nork erabili zuen [pozoia]. Errusiak bakarrik ditu bitartekoak, motiboak eta aurrekariak». Itar-Tass agentziak jakinarazi duenez, Errusiak OPCWn dituen ordezkariek jaso dute ikerketa osoa, eta erran dute «denbora» beharko dutela aztertzeko.

«Kanpaina bat»

Errusiako Gobernuak, ordea, lehengo iritzi berari eutsi dio, eta uste dute akusazioak «Errusiaren aurkako kanpaina bat» direla, «aspaldi ikusi gabeko modukoa tamaina eta printzipio gabezia kontuan hartuz gero», Maria Zakharova Atzerri Ministerioko bozeramailearen arabera. Gainera, Erresuma Batuaren akusazioei sinesgarritasuna kendu nahi izan die, erranez Skripal eta haren alaba Julia «inork» ez dituela ikusi «hilabete batean». «Litvinenkoren kasuan gutxienez argazki bat atera zuten», adierazi du, Aleksandr Litvinenko 2006an Ingalaterran pozoituta hil zuten Errusiako bertze espioi ohi baten kasua oroitaraziz.

Julia Skripal joan den astelehenean atera zen ospitaletik. Poliziak ohar bat argitaratu zuen herenegun haren izenean, baina Errusiako enbaxadak zalantzan paratu zuen hori egiazkoa ote zen ere. Aita-alabak martxoaren 4an topatu zituzten pozoituta, Ingalaterrako Salisbury hirian.