EB osoan onartu beharko dituzte atzerrian eginiko sexu berekoen ezkontzak

Europako Justizia Auzitegiak ebatzi du bizileku baimena bermatu beharko dela, nahiz eta norbere legedian ezkontzak ez legeztatu

mikel rodriguez
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Europako Justizia Auzitegiak aurrekari garrantzitsu bat sortu zuen atzo, bai LGTBI jendearen eskubideen aitorpenari dagokionez, bai EB Europako Batasuneko estatuen burujabetzari buruzko eztabaidari dagokionez. Izan ere, auzitegi horrek ebatzi du EBko estatu guztiek legezkotzat jo beharko dituztela bertze estatu batean egin diren sexu berekoen ezkontzak, nahiz eta legedia propioan halakorik ez onartu. Errumaniako herritar batek Errumaniako Estatuaren aurka paratu zuen salaketa batetik etorri da epaia. «Orain, zuzenean begira diezaiokegu Errumaniako eta EBko edozein ordezkari publikori, ziur izanda gure arteko harremanak balio eta garrantzi berbera duela», adierazi du Adrian Coman salatzaileak.

Coman 2010ean ezkondu zen AEBetako bertze gizonezko batekin, Bruselan. Belgika izan zen ezkontza horiek legeztatu zituen EBko bigarren kidea, 2003an. Coman senarrarekin batera Errumaniara itzuli zen bizitzera, eta senarrak Errumanian bizileku baimena eskatu zuen. EBko legediaren arabera, batasuneko herritar ez direnak batasuneko kide den estaturen bateko herritar batekin ezkonduz gero, eskubidea dute bizileku baimena eskatzeko. Errumaniako agintariek, ordea, AEBetako herritarraren eskaera baztertu zuten, argudiatuta Errumanian sexu berekoen ezkontzak ez zirela legezkoak eta, hortaz, ezin zituela «ezkontide» gisa hartu.

Comanek Auzitegi Konstituzionalera jo zuen, eta salatu sexu askatasunaren arloko diskriminazio kasu bat zela hori. Auzitegi Konstituzionalak, berriz, Europako Justizia Auzitegiaren esku utzi zuen kasua —EBko legediari eragiten dioten auziez arduratzen den auzitegi gorena da—. «Nahiz eta [EBko] kide diren estatuek askatasuna duten sexu berekoen ezkontzak onartu ala ez erabakitzeko, ez dute EBko herritar baten bizileku baimena oztopatu behar sexu bereko ezkontide bati hori debekatuta, hura EBko estatu bateko herritarra ez bada ere bizileku baimena baitagokio hari ere lurralde horretan», ebatzi du auzitegiak.

Hamahiru kidek onartuta

Batasuneko hamahiru estatuk dauzkate legeztatuta sexu berekoen ezkontzak. Gainerako hamabortzetatik seik ez dute inolako legeriarik. Hamabortz horiei eraginen die, beraz, atzo ezarritako jurisprudentziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.