Armatu, baina artea egiteko

Niki de Saint Phalle artista frantsesaren erakusketa bat jarri dute Bilboko Guggenheim museoan.

Haren ibilbide osoa azaltzen du erakusketak, eta gaurtik ekainaren 11ra bitarte egongo da
XX. mendeko artista feminista garrantzitsuenetakotzat jotzen dute Niki de Saint Phalle. Erakusketa jarri dute Bilboko Guggenheim museoan. Irudian, <em>Nanak</em> serieko eskulturak.
XX. mendeko artista feminista garrantzitsuenetakotzat jotzen dute Niki de Saint Phalle. Erakusketa jarri dute Bilboko Guggenheim museoan. Irudian, Nanak serieko eskulturak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2015eko otsailak 27
Aukeratu artelana osatzeko piezak. Hartu erriflea, eta egin tiro, haren aurka. «Tiro egiten dut boterearen aurka, matxismoaren aurka, torturaren aurka, arrazismoaren aurka...». 84 puntuko zerrenda du Niki de Saint Phalle artista frantsesak (Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1930-San Diego, AEB, 2002) Tiroketa margolanen seriea azaltzeko idatzi zuen Amorruaren harresia testuak. Gerra Hotza eta Aljeriako gerraren garaietan, arte bidezko guda egiteko hautua egin zuen berak. «Psikologiaren aldetik, terrorista bihurtzeko ezaugarri guztiak nituen. Baina armak kausa on baterako erabili nituen: artearen kausarako». Eskultorea, margolaria eta zinemagilea izan zen De Saint Phalle, eta, feminismoa ardatz hartu zuelako, iraultzailetzat jo izan dute. Haren ibilbidearen atzera begirakoa egiten duen erakusketa irekiko du gaur Bilboko Guggenheim museoak. Parisko Reunion des Musees Nationaux-Grand Palais eta Niki Chaitable Art Fundation laguntzarekin batera antolatu dute erakusketa. Orotara berrehun artelan eta artxiboko dokumentuak jarri dituzte ikusgai, eta orain arte artistari buruz egindako erakusketa asmo handienekoa dela azaldu dute Camille Morineau eta Alvaro Rodriguez komisarioek. «Artista frantsesak politikoki izan zuen inplikazioa eta feminismoari egin zion ekarpena bigarren maila batean geratzen dira», esan du Morineauk. Alderdi hori ezagutzera eman nahi dute ekainaren 11ra bitarte Bilbon izango den erakusketarekin.

Kronologikoki eta gaika kokatu dituzte artistaren lanak. Baina denen artean iraunkorra den ildo bat du erakusketak: feminismoa eta gizarte arauen kritika, alegia. Patriarkatuaren aurka egin zuen De Saint Phallek. Patriarkatuaren aurka tirokatu zuen. Igeltsuarekin lanak egin, eta margoz betetako poltsak sartzen zituen barruan. Gero, erriflearekin tiro eginez, lanak apurtu egiten zituen. Era horretan, gainalde zurian zehar margo koloreduna zabaltzen zen. Grabatu egiten zuen prozesua, eta performanceak osatu zituen horiekin. Bideoak ere ikus daitezke erakusketa aretoetan.

Botere harremanak irauli nahi zituen De Saint Phallek, eta agerikoa da gogo hori haren lanetan. Estatu buruak izeneko artelanean, adibidez, igeltsuz egindako Fidel Castro, Nikita Jruxtxov eta John F. Kennedyren agintarien buru tirokatuak ditu, beste batzuen artean. «Komunismoak eta kapitalismoak porrot egin dute. Bada garaia gizarte berri bat, matriarkala, eratzeko. Gosez hilko lirateke pertsonak emakumeek esku hartuko balute? Pentsatzen dut ama diren, ama izateko gaitasuna duten emakumeek zoriontsu nintzatekeen mundu bat eraikiko luketela». Horra artistak zuen desioa.

Emakumeen rolak

Ez ziren tiroketa lanak garai hartan egingo zituen bakarrak izango. emakumeen rolak ere landu zituen. Apurtzailea izan zen artista frantsesa, Morineauren arabera. «Oso era erradikalean irudikatu zuen andrazkoen rola. Gaur egun, hutsala eman dezake, baina 60ko hamarkadan aitzindaria zen». Eta ikusleak, parez pare, topo egiten du ezkongai baten irudiarekin. Zoriontasun falta iradokitzen duen keinu bat du. Haurrez inguratuta dago eta pistola bat du sorbaldan, ezkutatuta. «Ezkonduta eta biktimizatuta irudikatzen ditu andreak. Baina indartsu, era berean». Asmatu beharreko mundu berriaren heroiak dira emakumeak artistarentzat.

Aterako da margolanetatik De Saint Phalle. Eta egingo ditu hiru dimentsioko emakume gorputz handi eta koloretsuak. Nanak izenez ezagutzen diren piezak, alegia. Horiek dira gaur-gaurkoz artistaren lanik ezagunenak. «Emakume berri bat irudikatu nahi du horiekin. Biktima izateari utzi, eta askeak diren andreen irudiak dira». Orduko modak ezarritako estereotipoetatik aldentzen diren irudiak dira Nanak. Hon, emakume suedieraz, izenekoa izan zen egin zuen lehena. Jendea haren barruan sartzeko moduko eskultura erraldoi bat zen, eta emakume eskulturaren bagina zen sarbidea. Barruan taberna eta zinema zituen, tartean. Sortu zuen zalapartagatik, suntsitu egin zuten artelana. Baina, horretaz gain, bestelakoak ere egin zituen. Eta horietako asko biltzen ditu erakusketak.

Irudi sexualizatuak dira guztiak. Badira beltzez margotutakoak ere. Nahita egindako hautua da hori. 60ko hamarkadan afroamerikarren aldeko eskubide zibilen mugimenduarekin bat egin zuen. «Jarrera bat hartu zuen, eta horregatik erabaki zuen Nana beltzak egitea», adierazi du Morineuk. Nanak lanekin, emakume askea irudikatu nahi zuen De Saint Phallek, emakumeen boterea erakutsi. «Emakume bat gizonen zibilizazioan gizon beltz bat zibilizazio zuri batean bezalakoa da. Emakumeak eskubidea du ezetz esateko, matxinatzeko, bere independentzia aldarrikatzeko». Argi du erakusketaren komisarioak ere: «Ez dira eskultura apaingarriak. Lan politiko eta feministak dira».

Denentzako artea

Nana seriearekin erakutsitako alaitasunak izan zuen antitesia, artistaren arabera. Eta hori da Ama irensleak eskulturekin landu zuena. Etxeko rolean harrapatuta dauden emakumeen irudikapena egiten du eskultura bidez. Aitaren hileta irudikatzen duen lana du hor. 1995ean, 63 urte zituela aitortu zuen De Saint Phallek gaztetan aitak bortxatu egin zuela. «Ez zuen bere obren ikuspegian eragiterik nahi. Eta horregatik aitortu zuen horren berandu», azaldu du Morineauk. Aitak eragindako sexu gehiegikeriak argi ageri dira artistak egindako Daddy izeneko lehen film luzean. Ikusgai jarri dute areto batean. «Sexualitatea, bortxa eta gizonen dominazioa ditu oinarrian. Bere aita andre bihurtzen du filmean».

Artea herritar guztien esku egotea nahi zuen artistak. Antonio Gaudiren Bartzelonako Guell parkeak horretan eragin zuzena izan zuen. 1955ean izan zen han, eta bere parke propioa egiteko erronka hartu zuen. Hogei urtera hasi zuen Toscanako Tarotaren Lorategia (Italia). Lan handiena hori du. Baina asko dira munduan zehar De Saint Phalleren sinadura duten koloredun iturri, haur parke eta lorategiak.

Kaosa, bortxakeria, alaitasuna eta baikortasuna. Sentipen kontrajarriak helarazten dute artista frantsesak egindako lanek. Baina horren bila aritu zen bere ibilbide osoan. «Alde magiko, intuitibo, femeninoa, sexual, emozionala bilatzen dut. Hori bilatzen dut irensten gaituen izaera zientifiko maskulinoari aurre egiteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna