Oinatz Bengoetxea. Asegarceko pilotaria

«Ez diot beldurrik finala galtzeari»

Sasoi betean dago, eta bikain jokatuta sailkatu da lau t'erdiko finalerako. Bosgarren finala du, eta, bere ibilbide guztia puntan egin ondoren gutxi diruditen arren, Bengoetxea pozik dago.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2016ko azaroak 22
Arratsaldea Leitzan. Fresko egiten du, eta Oinatz Bengoetxea (Leitza, Nafarroa, 1983) umoreko dago. Asko gozatu du txapelketan, eta kalean harekin topo egiten duten herritarrek zoriondu egin dute. Kuadrillakoen elkartean hartu du BERRIA. Oso argal dago.

Hezur eta azal zaude.

Urte batzuk dira txapelketak oso zorrotz prestatzen ditudala. Nik, eta pilotari guztiek. Hor ez dago bromarik, eta sasoi betean egon behar duzu. Gazte belaunaldi hau genetikoki oso indartsua da: altuak, bizkorrak, beso luzeagokoak... Dena dute. Hori konpentsatzeko, beteranook sasoi betean egon behar dugu.

Egunero pisatzen al zara?

Txapelketan, bai [74 kilotan dago]. Zaindu egin beharra dago. Zure pisuan zaudela ikusteak motibatu egiten zaitu. «Orain ondo nago», pentsatzen duzu, eta kiloren bat goitik bazaude, hura kentzeko lan egin behar duzu.

Igandean duzu lau t'erdiko finala. Ezustea izan al da sailkatzea?

Pixka bat bai. Sekulako pilotariak egon dira txapelketan, eta finalera iritsi den horietako bat izatea... Bai, sorpresa izan da.

Zergatik iritsi zara finalera?

Prestaketa ona egin nuen. Joko puntu ona harrapatu dut, eta fisikoki ondo prestatu naiz; zorte pixka bat ere behar izaten da. Eta azken partidan zorte hori izan nuen, Urrutiren aurka, 21nakoarekin berak bota zuen pilota kanpora. Askotan, dena den, zortea izanda ere ez zara sailkatzen.

Behetik gorako bidea egin duzu, eta Altunak ere bai.

Nik uste dut Jokinek gehiago egin duela goraka. Nik txapelketa serioa egin dut, partida bat galdu eta hiru irabaziz, baina uste dut lauretan ondo jokatu dudala.

Lesioek errespetatu zaituzte.

Hor egoten dira beti. Udan arazo txikiak izan ditut: orkatilan, hatz batean... Nahiko lan eman didate. Baina justu txapelketarako dena ondo jarri zait.

Orkatilak beti dira delikatuak, eta zuk lesio larria izan zenuen eskuinekoan, 2014an. Bereziki zaintzen al duzu orain?

Aberia handia egin nuen, eta, hartaz geroztik, pixka bat kargatu eta gogortu egiten zait. Nik asko zaintzen dut, izotz askorekin, eta aurten, Etor Mendia prestatzaileak boshu-a erabiltzeko esan zidan. Lotailuak eta luzatzeko ariketak egin ditut, eta txapelketa honetan nabaritu dut hobeto daukadala.

Prestaketa klasikoa iraganeko kontua da, beraz? Mendia eta...

Orain, beste modu batera egiten dugu. Ez dut esan nahi mendiko entrenamendua txarra denik. Mendira joaten naiz, familiarekin, Pirinioetara, lasai egotera.

Hamalau urte daramatzazu profesionaletan, goian ia beti, eta hau bosgarren finala duzu ?2015eko buruz burukoa ezin izan zuen jokatu?. Ez dirudi asko direnik...

Ez dira asko, baina ezta gutxi ere.

Asko ala gutxi?

Ez dira asko, baina ni harro nago bost final jokatu izanaz. Izan ditudan aurkariak kontuan hartuta, gauza handia da. Pozik nago. Bi final irabazi eta bi galdu; ez dago gaizki.

Askotan nabarmendu duzu parean izan duzun pilotari belaunaldiaren maila.

Dudarik gabe. Galdetzen didate: «Nolatan ez duzu inoiz irabazi lau t'erdikoa?». Nik esaten diet: «Nik lau t'erdian jokatzeko gaia badut, eta niretzat neurri ona da, baina nire aurkarientzat ere bai». Hor izan ditut: Olaizola, Irujo, Barriola, Xala, Titin... eta beste handi asko.

Irabazita, hiru txapelak.

Oso polita litzateke, gutxi dira hori lorturikoak.

Altunak lehen finala du. Nola oroitzen duzu zuk lehen finala?

Lehen finala beti da berezia. 20 urteko umea nintzen [binakakoa]. Bigarrena bereziagoa izan zen, Abelen aurka, buruz buru; hori bai inork ez zuela espero. Hirugarrena, lau t'erdikoan [Olaizola II.aren aurka], ez dut oroitzapen onik. Oroitzapen txarra dut, egoera arraroa zen. Eta, azkena, 2014ko binakakoa, oso polita.

Eta final honek zer sentiarazi dizu?

Oso polita da, Jokin Altuna bezalako pilotari eder baten aurka. Olaizola II.aren aurka egokitu izan balitzait, ilusio gutxiago egingo lidake. Halako pilotari bat, hain txapeldun handia eta halako bermea duena beti partida handietan. Hainbeste aldiz jokatu dut haren aurka, eta partida handiak eginagatik galduta etxera joan... Bada, haren aurka final bat planteatzea, jakinda finaletan ikaragarri jokatzen duela... Ez zidan ilusio handiegirik egiten. Jokinekin, berriz, sekulakoa: pilotari gaztea da, oso berezia, izarra dena eta izar izaten jarraituko duena.

Altuna finalean sorpresa al da?

Ez hainbestekoa. Udan bera izan zen aurrelaririk onena, eta hori zerbaitegatik da. Jokin pilotari izugarria da, artista handia, eta pilotari osoa. Hori denok ikusten dugu, baina badu gauza bat ikusten ez dena: Jokinek pilota jo arte ez dakizula nora doan. Hori ez da kanpotik ikusten, hori barrendik sentitzen da. Azken unera arte ezkutatzen du kolpea. Hori Jokinek bakarrik egiten du.

Titinek ere egiten zuen.

Ez honek hainbeste.

Olaizola II.ari irabazi zionerako, Altuna sasoiko egongo dago.

Olaizola non jarri ez zekiela ikusi zen, urduri zegoela, deseroso, eta hori Jokinen meritua da.

Belaunaldi hau hain goiz goian egongo zela espero zenuen?

Bai, banekien segituan hasiko zirela. Prestaketa fisiko oso ona dute. Lehen, bizpahiru urte behar izaten ziren, eta hauek 20 urterekin hor daude.

Uda gogorra izan duzu: lesioak, torneo handi batzuetatik kanpo gelditu zinen... Aldarrikatzeko beharra sentitzen al zenuen?

Udan ez naiz egon sasoi betean, ez naiz nire maila onenean egon. Lau t'erdikoa, bestalde, beti da helburua niretzat.

Balizko estatusean atzera egiteko beldurrik ez al zenuen?

Ez nuen beldurrik, ez. Azkenean, boladak dira. Pilotariek bolada onak eta txarrak dituzte; enpresak ere interesen arabera laguntzen zaitu gehiago edo gutxiago. Eta nik banekien lana egiten banuen berriz ere izango nuela aukera puntara itzultzeko.

Aspera zindoazela zabaldu zen. Entzun al zenuen zerbait?

Ez, ez nuen ezer jakin. Eta uste dut kontuak zirela.

Altuna iritsi berria da, zu beteranoa. Presiorik sumatzen duzu?

Ez. Oso lasai nago. Galtzeak ez dit beldurrik ematen. Nire helburua nire jokoa ateratzea da, kantxan gozatzea. Nik nire onena emango dut, eta, Jokinek irabazten badit, meritu osoz izango da.

Hamalau urte profesionaletan. Zein balantze egiten duzu?

Oso ona. Oso pozik nago. Txapel gehiago izan zitezkeela? Bai, baina nik beti nire onena eman dut. Duela zortzi urte txapeldun izan nintzenetik, bete-betean prestatu izan dut neure burua txapelketa guztietan, beste pilotariek bezala. Ordura arte, gazteagoa nintzen, agian ez nituen hain ondo prestatzen txapelketak. Aurkari oso onak izan ditut, gehienak Aimar eta Juan, eta niretzat ohore bat izan da horiei aurre egitea, eta haiek estutzea finalerdi askotan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna