Amaia Gorostiza. Eibar taldeko presidentea

«Pena da klubaren une onenean bozak egin behar izatea»

Urtebete darama karguan, eta jarraitu nahi du, Jarraitu Dezagun zerrendako buru baita. Balioa eman dio bera buru duen kontseilua egiten ari den lanari, eta lan horren segida bermatzeko beraien alde bozkatzeko eskatu du.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2017ko maiatzak 12
Eguzkiari euri zaparradak hartu dio lekua bat-batean, eta asko jaitsi da tenperatura Eibarren (Gipuzkoa). Elkarren babesean azaldu dira Amaia Gorostiza (Eibar, 1967) presidentea eta hauteskunde kanpainarako Jarraitu Dezagun taldearen komunikazio buru Albert Roura kataluniarra [Bartzelonako komunikazio burua urtarrilera arte]. Aukeran eman dute elkarrizketa non egin. «Ipuruan ezin da; ezin dugu klubeko ezer erabili kanpainako ekitaldietan», esan du Gorostizak. Taberna batean izan da solasaldia.

Zergatik erabaki duzu aurkeztea presidente izaten segitzeko?

Lehendabizi, hautagaitza aurkezten dugun taldean erabaki dugulako, eta, bigarrenik, aurrerapausoa eman nahi dugulako klubean, orain arte egindako bidean aurrera jarraitzea baita gure nahia.

Zer da zehazki aurrerapausoa ematea?

Aurrera egitea da orain arteko bide ordenatuan jarraitzea. Emaitzak oso onak ari dira izaten arlo guztietan, eta, gainera, badaude lan garrantzitsuak egiteko, eta egitasmo handiak ere bai. Saiatu egingo gara gauzatzen.

Zuen eskaintzako proiektu nagusia zein da?

Ez dugu ezer berririk aurkezten modu sentsazionalistan, aurkezten duguna da egiten ari garen hori bera. Eibarren etorkizuna orainarekin eraiki nahi dugu, egiten ari garen horrekin. Bide berean jarraitu nahi dugu, eta ez daukagu eskaintza ikusgarririk; egiten ari garen hori ez da gutxi.

Zehaz dezakezu zer den orain arte egindakoa?

Kudeaketa ekonomiko bikaina, zero zorrarekin, eta kirol mailan, emaitza paregabeak: Espainiako Kopan inoizko lanik onena egin dugu, adibidez. Fundazioaren bidez gizartearekin harreman zuzena landu dugu, eman digun guztia itzultzeko gizarteari, lotuta egoteko. Futboletik harago nahi ditugu gure balioak, eta hezkuntza zabaldu; urrunago joan nahi dugu.

Bi hautagaitzaren artean bada gai bat korapilo handia sortzen ari dena: Kirol Hiria. Hiria Primeran taldeak Eibarren egin nahi du, eta zuek ez omen duzue herrian egiteko aukerarik ikusten.

Ez dago, baina, eztabaidarik. Kirol Hiria egitasmo estrategikoa da Eibar klubarentzat, eta ez da hautagaitza baten edo bestearen proiektua. Gehiago esango dizut: lanean ari gara duela urtebetetik baino gehiago. Denok nahi dugu Eibarren egin, baina ezin bada, ez dira beste aukerak baztertu behar. Uko egingo genioke Kirol Hiriari Eibarren bertan ezin delako egin? Goizean egin didate galdera bera, eta gure egitasmoa lantzen ari gara klubeko Kirol Zuzendaritzak zehazten digun bidetik; alegia, beraiek esango digute nolako Kirol Hiria nahi duten. Hau ez da apeta batena edo bestearena. Geratu egin behar du Kirol Hiriak, ondare bat izango da, eta ardurarekin landu beharreko gaia da. Ezin dira bi futbol zelai edozein tokitan egin; egin behar dena da lau futbol zelai izango dituena, klubeko talde guztien jarduna hartzeko, baita aurreneko taldearena ere. 300 jokalaritik gora dira azkenean, eta harrobiak eta lehen taldean leku berean egon behar dute. Egin genitzakeen bi zelai toki batean, eta beste bi beste batean, baina ze gertatuko litzaiguke? Dena bi aldiz egin beharko zela, eta ez da bideragarria. Kirol Hiri bakarra behar du izan.

Kirol zuzendaritzak eskatu dizuena bezalakoa Eibarren egitea ezinezkoa da?

Ez dakit. Lanean gabiltza, eta ezin dena da balizko lekuen izenak bota besterik gabe, lur horien jabeei aukera ematen zaielako salmentan prezioa igotzeko. Ederra pagotxa lur-jabeentzat!

Baina ezagutarazi aurretik hitz egiten bada lur-jabearekin?

Nik kontatu dizut zertan ari garen klubean. Etorriko da etorri behar duena, eta egingo da. Kontuz ibili behar da gai honekin.

Arlo ekonomikoan kontuak ondo egitea ez du zaila ematen telebistetatik jasotzen duzuen diruarekin, ezta?

Baina jakin egin behar da ondo kudeatzen. Dirua erabili behar da inbertsioak egiteko, jokalariak erosteko, eta, jakina, gordetzeko ere bai. Gaur Lehen Mailan gaude, baina bihar agian ez, eta erabat aldatuko litzaiguke egoera. Prest egon behar dugu denerako.

Gastatu bai, baina gorde ere bai.

Gastatu ez, inbertitu.

Zaila da oreka horri eustea?

Jakin egin behar da oreka gordetzen. Lan asko egin behar da ondo eta tentuz kudeatzeko.

Hainbeste dirurekin ez al du tentaziorik ematen diru gehiago gastatzea taldea egiten?

Ez. Horretan zentzudunak gara, zero zorrarena ondo barneratua daukagulako. Kudeaketa ekonomikoari errentagarritasuna ari gara ateratzen, eta ari gara erakusten. Betiko bidean goaz.

Bide hori da Eibarren historian agintez aginte igarotzen ari dena, ezta?

Horixe bera, eta jarrai dezala horrela.

Kanpotik begiratuta, atentzioa ematen du diruarena beti berdin kudeatzen ibiltzea. Ez da ohikoa bazterretan.

Lortu dugu 76 urtean egitea, eta zoragarria da. Pena da hauteskundeetara heldu izana klubaren historiako une onenean, onartuz eta aitortuz erabat demokratikoa dela boza ematea.

Zergatik heldu dira hauteskundeak?

Zenbait pertsonak uste dutelako ez garela ari gauzak ondo egiten, eta parez pare jarri zaizkigu, aldaketa bilatu nahian.

Beste hautagaietako bat, German Albistegi, zurekin egon da eta dago administrazio kontseiluan. Tentsio handia dago kontseiluaren barruan, ezta?

Ez da egoera atsegina, ez.

Ia seguru jotzen omen duzue zuen hautagaitzan irabazi egingo duzuela. Hala da?

Ezta gutxiago ere. Lasai ez nago. Inoiz ez dakizu zer gertatuko den.

Baina jakin daiteke zerbait akzioak direlako, eta ez delako pertsona bat boz bat?

Edozeini ematea dauzkate akzioak bozketa egunean akziodunek.

Zuek beti egon zarete Ipurua eraberritzearen alde?

Egitasmo bat ez da goizetik gauera jaiotzen. Denbora behar du egiteko eta kudeatzeko. Kirol Hiria ez da izango egun batekoa. Agian bizpahiru urte beharko dira egiteko, eta zeini emango diozu egitasmo horren egile izatea? Kluba ari da lanean, aurrera egiteko. Merituak ez dira pertsona bakar batenak, klubarenak dira, eta kluba jende asko gara. Ez dira nireak, ez aurrekoarenak, ezta beste batenak ere. Denok gara kluba, materialaz arduratzen denarengandik hasi eta azken zaleraino.

Baina Ipurua eraberritu nahi zenuten ala ez?

Ez da egia ez genuela eraberritu nahi. Ez dut inorekin lehian hasi nahi. Klubean beti egin dira gauzak adostasun baten barruan, eta egon ez denean, bozketak egin izan dira. Eta gauzak egin izanak esan nahi du bozketako emaitza onartua izan dela denen partetik.

Zurekin zerrendan doazenek ez omen zuten nahi Jose Luis Mendilibar ekarri duela bi denboraldi. Hala al da?

Ez da egia hori ere. Gaizka Garitanoren irteera gauzatzen denean, Kirol Zuzendaritzak hiru izen eman zizkion Kirol Batzordeari, eta, hainbat bilera egin eta gero, Mendilibarren izenak egin zuen aurrera, Lehen Mailan duen esperientziagatik. Eta aho batez onartua izan zen zuzendaritzako Kirol Batzordean. Batzorde horretan zeuden Alex Aranzabal, Jose Mari Arrizabalaga, German Albistegi eta Fran Garagarza.

Zuen hautagaitza egungo kontseiluaren jarraipena da?

Gure leloa da Jarraitu dezagun, eta jarraitu nahi dugu lanean Eibarren beti egin izan den bezala. Berezko segida bat izan da beti, eta orain ere bai.

Beste hautagaitzakoek ere esan dute beraiena ere segida dela.

Esan dezakete, baina ez dira ari hori esaten, aldaketa eske dabiltzalako. Erabaki dezatela akziodunek.

Akzioak dituena konbentzitzeko zein da zuen indargunea?

Egiten ari garena. Klubak profesionala izan behar du, eta bide horretan gaude. Lehen Mailako pentsamoldearekin ari gara lanean.

Urtebete daramazu presidente gisa, eta aukeratzen bazaituzte, aldatuko zenuke zerbait zure eguneroko jardunetik?

Ba al daki norbaitek zenbat ordu ari naizen sartzen egunero? Ez nuke ezer aldatuko. Duela urtebete aurkeztu genuen organigrama, eta ez dugu aldatuko lan egiteko era. Kluba profesionala da osotasunean, eta sailetan daude banatuta.

Presidente bazara kobratu gabe segituko duzu?

Bai, eta administrazio kontseiluko kideek ere ez dute kobratuko. Berdin jarraituko dugu.

Sailen eskuetan uzten ari zarete lanaren zati exekutiboa, eta horren atzean talde lanaren aldarria dago, ezta?

Jakina. Beti egin izan da horrela, ez gara ari ezer asmatzen. Ahal dugunean laguntzen dugu kontseilariak garen aldetik. Klubaren lan osoa da taldearen ardura.

Klubean zaudetenez, izaten da tentaziorik baliabideren bat kanpaina egiteko erabiltzeko?

Oso kontuz ari gara hori ez gertatzeko, eta erabat garbi gaude horretan ere, zuk zeuk ikusi duzun bezala elkarrizketako lekua aukeratzean.

Jende askoren pasioa bada futbola, ez du erraza izan behar klub bateko agintari izatea.

Asmatu ez duzu beti asmatzen, eta denen gustua ezin da egin. Futbolak pasioak sortu, mugitu eta helarazi egiten du. Hori dena baliatu egin beharko litzateke alderdi onak gehiago zabaltzeko.

Gehiago zabaltzen da alderdi txarra?

Bi alderdiak zabaltzen dira, eta biak oso indartsu, muturreko jarrerekin ia-ia.

Eibarren baitako jarrerak daude bi muturren erdian?

Oso zale onak dauzkagu, eredugarriak, eta atsegina da hori. Ea gai garen kanpora zabaltzeko ezaugarri on horiek ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna