Kosovoko politikari serbiar bat hil dute negoziazioak hasteko egunean

Bruselan elkartu dira Belgrad eta Pristina, baina Serbiako Gobernuak elkarrizketak eten ditu

mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Urtebete baino gehiagoren ondoren, Kosovoko eta Serbiako gobernuak Bruselan elkartu ziren atzo, akordio bat lortzeko negoziazioei berriz ekiteko. Ezusteko gertakari baten ondoren, ordea, Serbiako delegazioak bilera utzi zuen. Oliver Ivanovic Kosovoko politikari serbiarra tirokatuta hil zuten atzo goizean iparraldeko Mitrovica hirian, haren SPD Alderdi Sozial Demokrataren egoitzara zihoanean. Aleksandr Vucic Serbiako presidenteak hilketa ikertzeko eskatu zien EB Europako Batasunak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak Kosovon dituzten misioei. «Haiek egiten ez badute, guk eginen dugu». Belgradek ez zuen argitu negoziazioei berrekiteko prest ote dagoen. Elkarrizketen bitartekariak, EBk, «lasaitasuna» eskatu zien bi gobernuei.

Iturri ofizialek jakinarazi zutenez, auto batetik tirokatu zuten Ivanovic. Erasotzaileen inguruko hipotesirik ez zuten eman. Vucicek «ekintza terrorista» gisa definitu zuen. «Erasotzailea edozein dela ere, albaniarra, serbiarra edo bertze edozein kriminal, zigortu egin behar dute, justiziaren aitzinera eraman», adierazi zuen, berriz, Marko Djuric Serbiako Gobernuaren Kosovorako arduradunak Bruselan.

Iaz Mitrovicako alkategai izan zen Ivanovic. 2016an bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Eulex Kosovorako EBren misioko auzitegi batek, leporatuta 1999ko apirilaren 14an Mitrovicatik albaniarrak indarrez kanporatzen lagundu zuela, eta lau lagunen hilketak eragozteko ahaleginik ez zuela egin. Iaz, Helegite Auzitegiak bertan behera utzi zuen prozesua, eta berriz epaitzeko agindua eman zuen.

Garai politiko berezian hil dute Ivanovic. Alde batetik, Bruselan Pristinak eta Belgradek eztabaidagai nagusia izatekoa zuten Kosovon serbiarren udalerriek osatuko luketen kontseilua sortzea. Kosovoko serbiarrentzat autonomia bat ezartzea du helburu, eta aitzineko negoziazio sortan hitzartu zuten hori sortzea. Hala ere, ez da indarrean paratu.

Gerrako auzitegia, kolokan

Horrez gain, Kosovoko Parlamentua aste honetan aztertzekoa da 1999ko gerrako krimenak ikertzea helburu duen auzitegi bat bertan behera utzi ala ez. EBk hori ez egiteko ohartarazi zion joan den astean, eta erran zion halako erabaki batek «ondorio kaltegarriak» izanen dituela elkarren arteko harremanean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.