Fiskalak matxinada akusazioari eutsi dio Kataluniako auzipetuen aurka

Auzipetze autoaren helegiteez eztabaidatu dute, baina epaileak ez du oraindik erabakirik hartu

Ander Perez Zala -

2018ko ekainak 19
Auzipetze autoa «bere osotasunean» mantentzea eta, beraz, matxinadaren, desobedientziaren eta dirua bidegabe erabili izanaren delituei eustea eskatu zuen atzo fiskalak, Kataluniako prozesu subiranistan auzipeturiko bost politikariren autoak berrikusteko bistan. Defentsako abokatuek, berriz, autoa eta instrukzioa indargabetzeko eskatu zuten, Espainiako Auzitegi Gorenak «eskumenik» ez duelakoan. Auzipetze autoa irmoa baldin bada, kargu publikoa etengo diete Jordi Turull, Raul Romeva, Jordi Sanchez, Oriol Junqueras eta Josep Rull diputatuei; behin-behineko espetxealdian daude egun, eta udazkenean izango dute epaiketa.

Aldiz, ikusteko dago zer gertatuko den Carles Puigdemontekin eta Antoni Cominekin, biak diputatuak baitira, eta biak auzipetuta baitaude matxinada delituagatik. Gainontzekoak ez bezala, Puigdemont eta Comin ez daude espetxean, Belgikara joan baitziren erbestera —Kataluniako presidente ohia Alemanian da egun—.

Atzoko bistan, fiskalak argudiatu zuen «iragarritako matxinada baten kronika» izan zirela iazko urriaren 1eko independentzia erreferendumean gertaturikoa eta horren aurretik eta urriaren 27ko aldebakarreko independentzia deklaraziora arte gertaturikoa. Auzipetuen defentsak, berriz, «garai politiko berria» kontuan hartzeko eskatu zion Pablo Llarena epaileari, baldintzarik gabeko espetxealdia kentzeko. Epaileak ez du oraindik erabakirik hartu.

Torraren kereila

Egun berean, Auzitegi Gorenak ukatu egin zuen Quim Torra Kataluniako presidenteak Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren eta Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteorde ohiaren aurka aurkezturiko kereila; Torrak erabaki hori hartu zuen Madrilek ez zuelako publikatu Kataluniako presidenteordearen eta kontseilarien izendapenaren dekretua.

Auzitegiak argudiatu zuen Kataluniako presidenteak salaturiko gertaerak ez direla delitu, eta, beraz, ukatu egiten zuela kereila, fiskaltzak joan den astean aurreratu bezala; Torrak argudiatu zuen haren eskubide politikoak «urratu» egin zituztela. Bien bitartean, Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek ikerketa batzorde bat sortzea proposatu zuen Kataluniako eskubide zibil eta politikoak aztertzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna